Politika -

Helburua, ETA desagertzea

'Demokratekin' lan egiten hasteko eskatu dio lehendakariak Batasunari

Bestalde, Gasteizko Gobernuko buruak kritikatu du ezker abertzaleak eta EAk sinatutako akordioak ez duela "ezta aipatu ere egiten ETA".

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Patxi Lopez lehendakariak "demokratekin lan egiten hasteko" eskatu dio gaur ezker abertzaleari, "ETA desagertzea" lortzeko helburuz, erakunde armatuaren amaiera "inoiz baino gertuago" baitago.

TVEn gaur goizean egindako elkarrizketa batean, Gasteizko Gobernuko buruak adierazi du "zuhurtziaz" aritu behar direla ETAren amaieraz, baina erakundeak "galdu" egin duela nabarmendu du. Horrenbestez, "irmotasuna"ri eutsi egin behar diotela gaineratu du.

Ezker abertzaleak eta Eusko Alkartasunak sinatutako akordioari dagokionez, lehendakariak gogorarazi du testuak ez duela "ezta aipatu ere egiten ETA", eta hortaz, "etsigarria" dela eta "errealitatetik kanpo" dagoela iritzi dio.

Halaber, Patxi Lopezen ustez beharrezkoa da ezker abertzalea "talde armatua arbuiatzea eta estaldura emateari uztea, ETAren amaiera gauzatzeko lan egiten". "Mundu horrek behin betiko pausua emango balu, banda armatuaren amaieran egongo ginateke", azpimarratu du.

Lehendakariaren ustez, "inoiz baino gertuago gaude" ETA "inoiz izan duen unerik ahulenean" dagoelako eta "amilduta" dagolako, euskal gizarteak behin betiko "ateak ixtea erabaki du eta ez dute beste ezer lortuko, ez dugu amorerik emango", esan du.

Horrela, Patxi Lopezek guztiz ukatu du banda armatuarekin inolako kontakturik edukitzea eta "terrorismoaren kontrako borrokan Zuzenbide Estatuko erreminta guztiak erabiliz irmo" jarraituko dutela adierazi du, terroristak desagertu arte.

Horretaz gain, Jesus Egigurenek egindako adierazpenekin bat ez etorri arren, PSEko presidentearenganako konfidantza duela esan du lehendakariak. Izan ere, Egigurenen ustez ezker abertzaleak ETAtik urruntzeko behin betiko pausua emango du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea