Politika -

Ertzaintzaren aurkako erasoa

Ezker abertzalea: 'Erasoa ez dator bat bide politikoen apustuarekin'

Hala adierazi dute Aitor Bezares eta Miren Legorburu ezker abertzaleko ordezkariek. Eusko Alkartasunarekin batera, gertakari honen inguruko hausnarketa egingo dutela iragarri dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aitor Bezares eta Miren Legorburu ezker abertzaleko kideek berretsi du beren apustua bide politikoena dela eta Agurainen bart izandako erasoa ez datorrela bat ezker abertzaleak egindako barne-eztabaidarekin eta ondoren hartutako erabakiarekin. Ildo horretan, gai honi buruz "Eusko Alkartasunarekin batera" hausnarketa egingo dutela iragarri dute.

Donostian egindako agerraldian, Bezaresek gogoratu du ezker abertzaleak hausnarketa egin zuela eta ondorioak ''Zutik Euskal Herria'' izeneko dokumentuan bildu zituela. "Prozesu horren ostean Estatuarekin konfrontazio politikoa izatea erabaki zen", azpimarratu du.

"Eremu horretan egin nahi dugu topo Estatuarekin, izan ere, jakin badakigu eremu politikoan ahula dela Estatua", erantsi du. Gauzak horrela, goizaldeko erasoa edo "gisa horretako beste adierazpen batzuk ez datoz bat ezker abertzalearen hausnarketarekin eta une honetan duen posizioarekin", azaldu du.

Bestalde, Miren Legorburuk esan du eraso hori nola gertatu den aztertu behar dutela eta hausnarketa hori EArekin batera egingo dutela, "elkarlanerako akordio bat sinatuta dugun heinean".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea