Politika -
Nafarroa
Foru Parlamentuak Altsasuko atxilotuen senitartekoak hartuko ditu
Ostiralean joango dira Ganberara. Talde guztiek agerraldiaren alde bozkatu dute, baina eztabaida bizia izan da euren artean.
Agentziak | Erredakzioa
Nafarroako Parlamentuaren Mahaiak eta Bozeramaileen Batzordeak hala erabakita, foru ganberak Altsasuko istiluengatik atxilotutako gazteen senitartekoak hartuko ditu abenduaren 2an, ostiralez.
Altsasuko istiluen inguruko lansaioa egitea proposatu zuten Geroa Baik, EH Bilduk, Podemosek eta Izquierda-Ezkerrak, eta talde guztiek senitartekoen agerraldiaren alde bozkatu dute. Dena dela, eztabaida bizia egon da.
Koldo Martinez Geroa Baiko bozeramaileak nabarmendu duenez, bi guardia zibili eta haien bikotekideei egindako erasoa "gaitzesgarria" da, eta biktimei "elkartasuna" erakutsi die. Martinezen iritzian, baina, "Altsasun milaka lagunek eskatu zuten moduan, ekintzok ezin dira terrorismo delitutzat jo".
Iritzi berekoa da Adolfo Araiz EH Bilduko kidea. Horren hitzetan, lansaioak familien "eskakizun eta kezkak entzutea" du helburu. "Harkorrak izan beharko gara", erantsi du.
Laura Perez Nafarroako Podemoseko idazkariaren hitzetan, atxilotutakoek eta euren familiak "berme guztiak dituen epaiketa baino ez dute nahi". Perezen aburuz, "terrorismotzat jotzea neurrigabea da", eta, horrenbestez, auzia Nafarroako epaitegietara itzultzea eskatu du.
Jose Miguel Nuin Izquierda-Ezkerrako bozeramailearen ustez, "astakeria" da istiluak terrorismotzat jotzea, baita UPNren eta PPNren kide batzuek manifestazioaren harira esandakoak ere.
Oposizioak gogor kritikatu du Nafarroako Gobernuak manifestazioa babestu izana. Carlos Garcia Adanero erregionalistaren hitzetan, "ez da logikoa Gobernua erasotzaileen alde egotea".
Ainhoa Unzu sozialistak ere Nafarroako Gobernuaren jarrera salatu du, eta PSNk botere banaketan eta justiziaren jardunean sinesten duela berretsi du.
Ana Beltran PPko eledunaren esanetan, azkenik, "lotsagarria eta desegokia" da Nafarroako Gobernua eta Parlamentuko presidentea manifestaziora joan izana, martxan "atxilotutakoak aske uztea" eskatu zelako. Beltranen irudiko, lauko gobernua Altsasuko istiluak "politikoki baliatzen ari da, eraso basatia salatu beharrean".