Politika -
Inbestidura saioa
Urkullu, lehendakari: alderdien erreakzioak
Alderdi politikoetako ordezkari guztiek zoriondu dute lehendakaria, bakoitzak bere jarrera zein den argi utzita.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi guztiek zoriondu dute Iñigo Urkullu lehendakaria. Gerora, baina, bakoitzak bere jarrerari eutsi dio.
Lehendakariak bere hitzaldian proposaturikoari jarraiki, elkarrizketarako deia egin die Joseba Egibar EAJk Gasteizko ganberan duen bozeramaileak gainerako alderdiei. Egibarren ustez, "beto" hitza desagertzeko garaia da, indarrak batuta akordioak lortzen direlako.
Miren Larrion EH Bilduko bozeramaileak zorion hitzak izan ditu Urkullurentzat, baina ohartarazpena ere egin du. Larrionen esanetan, EAJk eta PSE-EEk osatuko duten gobernuak "atzerapausoa" ekarriko du, "betikoek betikoekin betikoa" egingo baitute. Era berean, lehen Jaurlaritza ekarri du gogora, eta hark lortutako "erronka" bere egiteko eskatu dio Urkulluri; izan ere, Jose Antonio Agirrek "herri hau Estatu bihurtu zuen ia".
Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko eledunak "alternatiba" posible dela eta hori lortzeko lan egingo dutela esan du, lehendakaria zoriondu ostean.
PSE-EE pozik agertu da. Jose Antonio Pastorren hitzetan, "garai ona da Euskadirentzat", eta bi alderdiek adostutako ituna betetzen bada, datozen lau urteotakoa Jaurlaritza "ona" izango dela azpimarratu du.
Borja Semper Gipuzkoako PPko buruak nabarmendu duenez, Urkulluk "elkarrizketa, elkar-ulertzea, moderazioa eta legearen errespetua bultzatzeko agertu duen borondatea" erakusteko aukera izango du legealdi honetan.