Politika -

Gobernu akordioa

Gernikako Estatutuaren erreforma egitea adostu dute EAJk eta PSE-EEk

EAJren Aberri Batzarrak eta PSE-EEren Batzorde Nazionalak aho batez onartu dute ituna.

Idoia Mendia (PSE-EE) eta Andoni Ortuzar (EAJ)
Idoia Mendia (PSE-EE) eta Andoni Ortuzar (EAJ)
EAJk eta PSEk gaur arratsaldean bozkatu eta onartuko dute ituna

1:55

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk eta PSE-EEk koalizio gobernua osatzeko akordioaren baitan, autogobernuan aurrera egiteko konpromisoa hartu dute bi alderdiek, eta Gernikako Estatutua erreformatzea adostu, betiere "legea errespetatuta, eta adostasun maila handienarekin".

EAJren Aberri Batzarrak eta PSE-EEren Batzorde Nazionalak aho batez onartu dute ituna astelehen arratsaldean.

Gobernu akordioaren agirian jaso dutenez, autogobernua lantaldea berriro martxan jarriko dute, eta bertan "Euskadiren nazio aitortza edota erabakitzeko eskubidea" eztabaidatu ahalko dira.

Horrez gain, Espainiako Konstituzioaren erreforma bat mahai gainean jartzeko prest daude jeltzaleak eta sozialistak, euskal autogobernuaren aukerak zabaldu eta eskuduntzak blindatzeko helburuarekin.

Euskal estatutuaren ituna eguneratzea helburu izango duen prozesua bultzatzeko konpromisoa hartu dute eta horretarako lantalde espezifiko bat sortuko dute. Ildo horretan, autogobernua eguneratzeko eta berritzeko ahalik eta adostasun maila handiena bilatzen ahaleginduko dira, "formulazio irekia, baina oinarri eta printzipio konkretuak" izango dituena.

Halaber, aipaturiko lantaldeak Gernikako Estatutuaren erreformarako zirriborroa egiteko formula edo prozedura egokiena zein den ezarriko du, beti ere legea errespetatuta. Gainera, zirriborroa idazteko mandatua ematen denetik zortzi hilabeteko epean idatzita egon beharko du.

Horrez gain, Eusko Legebiltzarrak lege-proposamen gisara tramitatuko du, "indarrean dauden arau eta prozedura juridiko-legalak eta Legebiltzarreko araudia jarraituz".

Bizikidetza eta giza eskubideak

ETAk 2011n jarduera armatua behin betiko amaitu zuela iragarri zuenetik aurrerapausoak eman badira ere, elkarbizitzaren normalizazio alorrean lan egiteko beharra ikusten dute eta alor horretan zintzilik dauden hiru gai jorratzea aurreikusten dute: ETAren armagabetzea eta behin betiko disoluzioa, espetxe politika eta iraganaren memoria kritikoa.

Armagabetzearen eta ETAren amaierari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak behin betiko armagabetzearen eta ETAren disoluzioaren inguruko proposamen bat bultzatuko du eta horri babesa emateko legez besteko proposamena sustatuko du.

Kartzela politikan, presoak Euskal Herriko kartzelatara gerturatzea defendatzen dute.

Bestalde, iraganaren memoria kritikoa egiteko konpromisoa hartzeaz gain, memoriari eta bizikidetzari buruzko lantaldea osatzea bultzatuko dute.

Ekonomia

2017ko lehen seihilekoan enpleguari eta ekonomiaren suspertzeari buruzko programa bat onartzea adostu dute bi aldeek, besteak beste, legegintzaldiaren amaierarako langabezia tasa % 10etik beherakoa izan dadin lortzeko. Aldi berean, gizarte segurantzako eskuduntza transferitzeko eskatuko diote Espainiako Gobernuari, beti ere, solidaritate printzipioa eta sistemaren izaera unitarioa errespetatuz.

Halaber, egungo zerga araudia bultzatzea eta Lanbideren erreforma eta modernizazioa bultzatuko dute.

Mendiak dio akordioa "historikoa" dela

Idoia Mendia Euskadiko Alderdi Sozialistaren idazkariak EAJrekin egindako hitzarmena goraipatu du, “Kataluniako gorren arteko elkarrizketaren aurrean eta Espainiatik banandu nahi dutenen aurrean”.

Mendiak akordioa “historikoa” dela esan du, “herri honetako bi tradizio handien artea” egin delako.

“Historikoa da sozialistak eta abertzaleak gai izatea gure ezberdintasunak alboratu eta, berriro ere, elkarrekin herri proiektu anitz bat eraikitzeko datozen hamarkadetarako”, erantsi du.

“Espainiarekin elkarrizketa berri bat abiaraztea proposatzen dugu, elkarrekin bizitzen jarraitzeko, berezitasuna errespetatuta, Espainia anitz batean eta Europa ezberdin batean”, azpimarratu du.

Itunaren asmoak azaldu ditu Mendiak: “Enplegua sortzea; ekonomikoki eta modu jasangarrian haztea; kalitatezko zerbitzu publiko modernoak bermatzea; eta egia, memoria eta justizia oinarri izango dituen bizikidetza sendotzea, biktimak aitortuta eta kate-ordainak emanda”.

“Akordio honekin gure autogobernua eguneratuko dugu, norabide soziala hartuta eta euskal gizartearen eskubideak hobeto defendatzeko bitartekoak gehituta, betiere akordioaren bidez eta legea errespetatuta”, gaineratu du Mendiak.

Hiru sail sozialistentzat

PSE-EEk Eusko Jaurlaritzaren Lana eta Justizia; Turismo, Merkataritza eta Kontsumo; eta Ingurumen, Lurralde Antolakuntza eta Etxebizitza sailak kudeatuko ditu legegintzaldi honetan.

Egungo gobernu-egiturak zortzi atal ditu, Iñigo Urkullu lehendakariak aurreko legegintzaldian krisi ekonomikoaren ondorioz murriztu ostean. Aurreikuspen onenak betez gero, hiru sail gehiago izango ditu Exekutibo berriak.

Akordioari esker, Urkullu lehendakari aukeratuko dute azaroaren 24an, inbestidura-saioaren bigarren bozketan, 37 boto jasoko dituelako: EAJren 28 eta PSE-EEren 9. Prozesua egun bat lehenago, azaroaren 23an, hasiko da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika PNV-EAJ Eusko Jaurlaritza Euskal sozialistak Gaurko azken orduko albistea