Politika -

Zazpikaleetan

Bikote bat jo dute Bilbon, pintaketak egitea gaitzesteagatik

Belostikaleko atari batetik irten den bikote batek fatxadan pintaketak egiten ari ziren pertsona batzuekin egin du topo, eta gaitzetsi egin die jarrera hori.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Norbanako batzuek bikote bat kolpatu dute larunbat honetan Bilboko Zazpikaleetan. Bikoteak aurretik norbanako horiei "bertako hormak kartelez eta pintaketez zikintzen ibiltzea" aurpegiratu die.

Segurtasun sailak eta Bilboko Udalak jakitera eman dutenez, gertaera goizeko 11:00ak aldera jazo da, Belostikale kalean.

Une horretan, alabarekin batera beren ataritik ateratzen ari zen bikote batek fatxadan pintaketak egiten ari ziren pertsona batzuekin egin du topo, eta gaitzetsi egin die jarrera hori. Horren aurrean, norbanakoetako batek ukabilkada bat eman dio bikoteko bati.

Erreakzioak

Gertatutakoaren aurrean hainbat erreakzio egon dira. Bere iritzia plazaratzen lehena Juan Maria Aburto Bilboko alkatea izan da. Erabateko gaitzespena agertu du gertakariagatik, eta "elkartasuna" azaldu die erasoa jasan dutenei. Gaineratu duenez, Udaltzaingoa lanean ari da erasotzaileak identifikatzeko.

"Bilbon sobera daude ahaztuta zeudela uste genituen jokabide horiek, eta sobera daude jokabide horiek gauzatzen dituztenak. Errespetua, edukazioa, eta gizalegezko jokabideak izan behar dira nagusi, molestatu, bortxatu eta gogaitu besterik egiten ez duten horien aurrean", azaldu du.

Geroago, Iñigo Urkullu lehendakariak "erabat gaitzetsi" du Bilbon gertatutako. Twitterreko bere kontuaren bidez arbuiatu egin du erasoa eta bere pentsamendua "gazteriarengan" jarrita duela adierazi du.

"Mota horretako jokabideek zerikusi gutxi dute gizartearen gehiengoak, eta, batez ere gazteriak, pentsatzen duenarekin"; izan ere, "bakearen, errespetuaren eta elkarbizitzaren balioak defendatzen dituzte", gaineratu du.

Alderdiak

EH Bildu alderdiak arbuiatu egin du Zazpikaleetan gertatutakoa, eta "lekuz kanpo dauden jazoera arbuiagarriak" direla iritzi eta elkartasuna adierazi dio erasoa jasan dutenei.

Alfonso Gil PSE-EEko ordezkariak, Bilboko Udalean Mugikortasun Politika, Ingurumen eta Garapen Osasungarriaren Koordinazio zinegotzia denak, gertakaria "onartezina" dela esan du.

Carmen Carron PPko zinegotziak, bere aldetik, honakoa esan du: "Ezin dezakegu onartu edozein pertsonaren aurkako erasoak berriz ere ohikoak bihur daitezela". "Gaitzetsi, errudunak bilatu eta zigortu".

Udalberrik ere bere gaitzespena agertu du, eta beste garai batekotzat jo ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bilboko azken albisteak Azken albisteak Urkullu Zer gertatu da Bizkaian? EH Bildu Nafarroa PSE-EE Euskadiko PP berriak Juan Maria Aburto Gaurko azken orduko albistea