Politika -
Polizia-operazioa
Bi ustezko jihadista atxilotu dituzte Madrilen eta Bartzelonan
Larunbat goizaldean egin dituzte atxiloketak. Iturri polizialek aditzera eman dutenez, atxilotuak 'Espainian atentatuak egiteko prest zeuden'.
Agentziak | Erredakzioa
Polizia Nazionalak bi pertsona atxilotu ditu Madrilen eta Roda de Ter herrian (Bartzelona), "DAESH talde terroristan erabat sartuta zeudela" egotzita. Estatu espainiarrean atentatuak egiteko prest egoteaz gain, interneten oso aktiboak zirela adierazi dute iturri polizialek, proseletismoa egiteko. Atxilotuak Marokokoak dira.
Atxiloketak larunbat goizaldean egin dituzte, Espainiako Barne Ministerioak agiri batean baieztatu duenaren arabera.
Ikerketak martxan jarraitzen du, hirugarren Instrukzio Epaitegi Zentralak gainbegiratuta eta Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak koordinatuta. Atxilotuak DAESHeko kide direla nabarmendu dute ikerketaren iturriek, borondatez parte hartzea erabaki ostean eta sare sozialetan iragarrita. Zehatz-mehatz betetzen omen zituzten taldearen jarraibideak eta ezin hobeto gauzatzen zituzten ekintzak burutzeko eskuliburuak.
Gainera, orotariko eduki erradikalak eta propagandistikoak hedatzen omen zituzten, baita "oso argazki gordinak" ere. Indarkeria-ekintzak ere erakusten zituzten, "mendebaldeko gizarteetan izua zabaltzeko asmoz".
"Talde horiek oso arriskutsuak zirela" nabarmendu du Barne Ministerio espainiarrak, DAESHek zuzenduta eta kontrolatuta. Gainera, "Espainian atentatu terroristak egiteko" prest zeudela azpimarratu du.
Bi atxilotuek talde terroristari leial izango zirela nola zin egin zuten argitaratu zuten, eta "erabat isolatuta" omen zeuden. Izan ere, birtualki bakarrik izaten zituzten harremanak perfil jihadista erradikalen bidez.