Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Aresek ez luke nahi EAk estaldura ematerik Batasunari siglak utzita
Herrizaingo sailburuak uste du "arduragabekeria" litzatekeela eta egoera "larri" horri "aurre" egin beharko lioketela.
Erredakzioa
Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak adierazi du "arduragabekeria" litzatekeela Eusko Alkartasunak bere siglak utzita Batasunari "estaldura ematea", eta hortaz, hori ez gertatzea espero duela gaineratu du.
Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Aresek esan du EAk "arduragabekeria" hori gauzatuko balu, egoera "larria" izango litzatekeela eta "aurre" egin beharko lioketela une horretan.
Bere esanetan, "indarkeriatik aldendu ez direnekin" akordioak egitea iraganean ere egindako akatsak errepikatzea da.
Hori horrela, atzo EAk eta legez kanpoko ezker abertzaleak sinatutako akordioa "nazionalisten artekoa eta nazionalistentzat egindakoa" dela iritzi dio, "independentziarako bidean aurrera egiteko helburu argiaz".
"Hanka-sartze izugarria da ibilbide demokratiko luzea duen alderdi batek indarkeriatik aldendu ez direnekin akordioak sinatzea. Gainera, argi eta garbi ikusi ahal izan genuen atzo berriz [ezker abertzalekoek] ez dutela ETAtik behin betiko bereizteko borondaterik", nabarmendu du.
Iraganean, alderdi abertzaleek Lizarra-Garaziko akordioa sinatu bazuten ere, ETAk berriz ere atentatuak egin zituela gogorarazi du.