Politika -
negoziazioak
Aurrekontuak negoziatzeko jarrera aldaketa eskatu dio EAJk Gobernuari
Aurreko astean abiarazi zuen bilera sorta presidenteorde espainiarrak, Aurrekontuak onartzeko babes nahikoa lortzeko helburuarekin.
agentziak | erredakzioa
Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordea Aitor Esteban EAJren Kongresuko bozeramailearekin bildu da astearte honetan, 2017rako Espainiako Aurrekontu Orokorrak onartzeko babesa jasotzeko helburuarekin.
Alabaina, Espainiako Gobernuak jeltzaleekin negoziatzeko asmoa badu euskal erakundeekiko jarrera aldatu behar duela ohartarazi dio Estebanek. Halaber, arratsalde honetan izan duten bileran Santamariak ez diola inolako datu zehatzik eman jakinarazi du EAJren Kongresuko bozeramaileak.
“Espainiako Aurrekontu Orokorrak onartzeko PPk EAJren babesa lortzeko asmoa badu, jeltzaleekin hitz egiten hasi aurretik euskal erakundeekiko jarrera aldatu behar du”, ohartarazi du Estebanek.
Izan ere, Espainiako Gobernuak autogobernuaren arloan jarrera aldatu ezean, jeltzaleek ez dutela ezer negoziatuko ziurtatu du EAJren Kongresuko bozeramaileak. Ildo horretatik, bere jarrera betikoa izango dela azaldu du Estebanek.
Halaber, aurrekontu orokorrei osoko zuzenketa aurkezteko aukera aztertuko dutela iragarri du Estebanek.
Beste alde batetik, Soraya Saenz de Santamariarekin izan duen bileran Espainiako Gobernuko presidenteordeak ez diola inolako datu zehatzik eman jakinarazi du EAJko Kongresuko bozeramaileak. Arrazoi horregatik, erabaki bat hartu aurretik datuak aztertu behar dituztela gaineratu du Estebanek.
Espainiako Gobernuak EAJri gustatzen ez zaiona zer den badakiela azpimarratu du Aitor Estebanek.
Negoziaketak
Saenz de Santamariak aurreko astean abiarazi zuen bilera sorta, bozeramaile nagusiekin, gastuaren mugaz, datorren urteko aurrekontuez eta legealdiaz hitz egiteko, Kongresutik Europa Press albiste agentziari azaldu diotenaren arabera.
Ostegunean Iñigo Errejon Unidos Podemoseko bozeramailearekin bildu zen. Francesc Homsek ere deia jaso zuen, baina ez aurrekontuen inguruan hitz egiteko, "harreman bat gehiago ezartzeko besterik ez", Homsek berak gaur azaldu duenez.