Politika -
Negoziazioak
EAJren eta EH Bilduren ordezkariak hirugarrenez bilduko dira gaur
Urkulluren eta Otegiren arteko polemikaren ondoren jarri dute hitzordua. Ika-mikari buruz galdetuta, "akordio falta agerian uzten" ari direla esan du Nagua Albak.
Agentziak | Erredakzioa
Jaurlaritza berria osatzeko abiatutako negoziazioen baitan, hirugarren bilera dute astelehen honetan EAJk eta EH Bilduk. Hitzordu hau Iñigo Urkullu jarduneko lehendakariak eta Arnaldo Otegi Sortuko presidenteak Ertzaintzaren kontura izandako ika-mikaren ostean dator. Otegik ostiralean esan zuenez, Euskadin, ETAk ez ezik, "Guardia Zibilak, Ertzaintzak eta Polizia Nazionalak ere hil dute". Adierazpenok haserre hartu zituen Urkulluk, eta Polizia Autonomikoa eta euskal gizartea "iraintzea" egotzi zion buruzagi abertzaleari.
Batzarra joan den astean egin behar zuten bi alderdiek, baina azkenean ezin izan zuten egin, eta astelehen honetan egingo dute, Urkulluren eta Otegiren arteko ika-mika gorabehera.
Aurreikusitakoaren arabera, EH Bilduk urriaren 27an egindako proposamen sortari bilera horretan erantzungo diote jeltzaleek. EAJk EH Bilduri eta PSE-EEri helarazitako dokumentuari erantzunez egin zituen koalizio abertzaleak proposamen haiek.
EH Bilduko iturriek nabarmendu dutenez, koalizio abertzalean ziur daude jeltzaleek PSE-EEren alde egingo dutela akordioa ixteko.
Nagua Alba: "Akordio falta uzten ari dira agerian"
Hain justu, Otegiren eta Urkulluren arteko ika-mikaz galdetu diote Nagua Alba Podemos Euskadiko idazkari nagusiari. Haren ustean, bien arteko "akordio falta" ari da azalarazten, eta negoziazioen "gardentasun falta" kritikatu du.
ETB1eko 'Egunon Euskadi' saioan egin dioten elkarrizketan adierazi duenez, EAJ eta EH Bildu "akordio falta ari dira agerian uzten. Hori da behintzat ikusten ari garena, ez dakigu-eta zer negoziatu duten, gardentasun falta izugarria egon delako. Ezin dugu balorazio zehatz bat egin ez dakigulako zerk eragin duen orain ikusten ari garena".
Albaren ustez, bi buruzagien artekoak entzunda, "iraganera bueltatzen gara". "Iraganaren kontaketa eraiki behar dugu, eraikitzaileak izan behar gara", esan du Albak, eta kontaketak "benetakoa eta inklusiboa" izan behar duela azpimarratu du.