Politika -
Krisia PSOE-n
PSOEren eta PSCren arteko harremana aztertzeko komisioa osatuko dute
Batzordeak bien arteko diferentzia organikoei eta politikoei aurre egiteko konponbideak proposatuko ditu bi hilabeteko epean.
Agentziak | Erredakzioa
PSOEren batzorde kudeatzaileak eta PSCk lantalde bat eratzea adostu dute gaur, bien arteko harremana ebaluatzeko eta harreman horren oinarri den protokoloa berrikusteko. Aldi berean, batzorde horrek estatu espainiarreko lurralde ereduaren gainean dituzten ezberdintasunak aztertuko ditu.
Miquel Iceta PSCko idazkari nagusiak eta Javier Fernandez PSOEren batzorde kudeatzaileko presidenteak ordubete eta erdi inguruko bilera egin dute gaur Ferrazen, alderdi bien artean 1978tik dagoen harremanetarako esparrua aztertzeko. Haustura saihestu eta hitzarmena hobetzeko ahalegina egin dute bertan.
PSCk ez zuen errespetatu PSOEren Batzorde Federalak urriaren 23an hartu zuen erabakia, Mariano Rajoyren inbestiduraren aurrean ezezkoa eman beharrean abstenitzekoa, alegia. Erabaki horrek presidente bihurtzea ahalbidetu zion Rajoyri, eta horrek krisialdia eragin zuen PSOEren behin-behineko zuzendaritzarekin. Horren ondorioak izan dituzte mahaiaren gainean gaurko bileran.
Icetak azaldu duenez, alderdi bakoitzak hiruzpalau ordezkari izango ditu batzorde horretan, eta batzordeak bien arteko diferentzia organikoei eta politikoei aurre egiteko konponbideak proposatuko ditu bi hilabeteko epean. Hala eta guztiz ere, azpimarratu du ez bera eta ezta Iceta ere ez direla ausartu batzorde horrek hartuko dituen erabakiak aurreratzen eta, beraz, PSOEren eta PSCren arteko harremana nolakoa izango den irudikatzen.
Hori bai, Icetak ziurtatu du biak bat etorri direla eta bidea elkarrekin egitea defendatu dutela. "Asko hitz egin dugu, ez gaude gai guztietan ados, baina ezberdintasunak gainditzeko eta arazoa gainditzeko borondatea dugu biok. Hori lortzeko gai izango gara", gaineratu du.
Bestalde, Javier Fernadez PSOEren batzorde kudeatzaileko presidentea itxaropentsu agertu da eta bi alderdiek harreman estua izaten jarraituko dutela uste du. Hala ere, argi eta garbi utzi nahi izan du PSOEk ez duela Granadako Adierazpena gainditzen duen planteamendurik onartuko. Are gehiago, Granadako Adierazpena iritsiera puntu bat dela azpimarratu du, eta ez irteera puntu bat Miquel Icetak gaur kazetarien aurrean esan bezala.
Granadako Adierazpena deituriko horretan PSOEk eta PSCk federalismoaren bidea urratzea adostu zuten eta, ondorioz, Kataluniako sozialistek galdeketaren hautua alboratu egin zuten.