Politika -
Inbestidura saioa
Lehendakariaren inbestidura saioa, azaroaren 23an eta 24an
Karguaren zina egiteko ekitaldia, berriz, azaroaren 26an izango da, Gernikako Batzar-etxean.
Agentziak | Erredakzioa
XI. legealdiko lehendakaria aukeratzeko inbestidura saioa azaroaren 23an eta 24an, asteazkenez eta ostegunez, egingo dute Eusko Legebiltzarrean, Bakartxo Tejeria ganberaren presidenteak Bozeramaileen Batzordeko kideei gaur jakinarazi dienez.
Lehendakaria aukeratuta, honek karguaren zina egingo du Gernikako Batzar-etxean, azaroaren 26an.
Lehen bozketan gehiengo osoa (75 ordezkarietatik 38) lortu beharko du hautagaiak, eta halakorik ez erdiestekotan, 24 ordura beste bozketa bat izango da; kasu horretan nahikoa da gehiengo soila.
Ziur aski, bigarren bozketa horretan aukeratuko dute Urkullu lehendakari. Ikuskizun dago EAJren 28 legebiltzarkideen babesarekin bakarrik, edo PSE-EEren babesarekin.
Oraingoz EAJk bakarrik aurkeztu du hautagaia: Iñigo Urkullu jarduneko lehendakaria. EH Bilduk Maddalen Iriarte aurkezteko asmoa agertu zuen, baina oraindik ez du egin.
Elkarrekin Podemosek, bestalde, ez du erabaki oraindik lehendakarigaia aurkeztuko ote duen. Bi alderdiek arazoaren 18ra arteko epea dute horretarako.
Aukera honetaz galdetuta, Pili Zabala koalizioak Legebiltzarrean duen taldeko presidenteak aitortu duenez, EAJk eta EH Bilduk akordioa lortzen badute litekeena da Elkarrekin Podemosek lehendakarigaia aurkeztea.
Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean azaldu duenez, "gaia aztertzen" dabiltza, eta erabakia inbestidura saioan aurreikusten den "eztabaida" motak baldintzatuko du.
Negoziazioak EAJren, PSE-EEren eta EH Bilduren artean
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren jarduneko bozeramailearen hitzetan, inbestidura saiorako data ezarrita, PSE-EE eta EH Bildu alderdiekin abiatutako negoziazioak "areagotuko" ditu EAJk. Aitortu duenez, "ukaezinak diren ezberdintasunak" dituzte bi taldeokin, baina horiek gainditu nahi dituzte osatzeke dagoen Jaurlaritzaren gobernagarritasun ahalbideratzeko.
Legebiltzarrean bertan kazetarien aurrean egindako adierazpenetan, Erkorekak ez du argitu zein motako akordioa bilatu nahi duten, koalizio-gobernuarena edo bestelakoa.
Baikor mintzatu da Mikel Torres Bizkaiko PSEko idazkari nagusia. Haren esanetan, "ez da erraza, baina akordioa lortuko dugu EAJrekin, bien aldeok borondatea baitugu".
"Oraindik ez dugu akordioa itxi, baina lanean ari gara", azpimarratu du Radio Euskadin eskaini duen elkarrizketa batean. Azaldu duenez, desadostasun handiena autogobernu eta bizikidetza alorrean dute.