Politika -
Irastortzaren atxiloketa
ETAk 'kolpe gogorra' jaso duela dio Barne Ministerioak
Zoido ministroaren aburuz, Irastorzaren atxiloketa ETAn izandako 'aldaketei' Guardia Zibilak emandako 'erantzuna' izan da.
Agentziak | Erredakzioa
Espainiako Barne Ministerioak adierazi duenez, ETAren azpiegiturek 'kolpe gogorra' jasan dute, gaur goizean Azkainen (Lapurdi) Mikel Irastorza atxilotu ostean, ETAren egungo buruzagi politikoa izatea egotzita. Frantziako Poliziak eta Guardia Zibilak elkar harturik egin dute 'Nerin' izenez ezagutzen den operazioa.
Atxiloketa horrek "erakunde terroristaren buruzagitza zein bere armategiaren eta lehergailuen kudeaketaz arduratzen zen zuzendaritzaren azpiegitura bertan behera geratzea dakar", azaldu du Barne Ministerioak ohar baten bidez.
Irastorzaren atzematearekin "ETA ahultzen da, eta urtebeteren buruan bere erreferentzia puntua berriz galtzea eragiten du; horrenbestez, zaildu egiten da banda terroristak bere helburuetako edozein erdietsi ahal izatea".
Irastorzaz gain, operazio berean bikote bat ere atxilotu dute ustez ETArekin lankidetzan aritzeagatik. Irastorza Azkaingo euren etxean hartu zuten gizonezkoa eta emakumezkoa dira atxilotutakoak.
Zoidok Guardia Zibila zoriondu du
Halaber, PPren ekitaldi batean parte hartu aurretik Juan Ignacio Zoido Barne ministro berriak Guardia Zibila zoriondu du, eta, azaldu duenez, Irastorzaren atxiloketa ETAn izandako "aldaketei" Guardia Zibilak emandako "erantzuna" izan da.
"Duela gutxi da talde terroristaren ardura hartu zuela, eta agerian geratzen da Estatuko segurtasun indarrak erne zeudela, eta haiek buruzagitzaz arduratzeko xedearekin pertsona batzuk mugitu dituzten unean dagokion erantzuna eman zaie", baieztatu du.