Politika -
Espainiako Gobernua
'Jarrera ezberdina' eskatu dio Urkulluk Rajoyren gobernu berriari
Lehendakariaren hitzetan, gobernuburuak jakin beharko luke zeintzuk diren "euskal gizartearen gehiengoaren aldarrikapenak".
Agentziak | Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak "jarrera ezberdina" eskatu dio osatu berri den Espainiako Gobernu berriari, eta "euskal gizartearen gehiengoaren aldarrikapenei" erantzuteko deia egin dio.
Gautena autismoak jotako gaixoak artatzeko zentroan, Donostian, izan da goizean lehendakaria, eta bertan egin ditu adierazpenak.
Urkulluk ez du exekutiboaren osaketa aztertu nahi izan, eta gobernuaren beraren eta presidentearen "jarrerak" ardura zaizkiola azpimarratu du.
"Aspalditik aldarrikatzen ari naiz jarrera ezberdin bat Espainiako Gobernuaren aldetik, eta berdin zait kolore batekoa izan edo bestekoa. Uste dut Espainiako Gobernuak jakin beharko luke zeintzuk diren euskal gizartearen gehiengoaren aldarrikapenak, eta ez bakarrik autogobernua garatze bidean, baizik eta egunerokotasunari dagozkion gaietan ere, bai gizarte zein ekonomia arloetan".
Urkulluren iritzian, euskal gizarteak "erantzunak" behar ditu autogobernua "sakontzeko, eguneratzeko eta hobetzeko" aldarrikapenetan.
"Espero dut jarrera ezberdin bat izatea", erantsi du.