Politika -

Foru parlamentua

Errenta Bermatua onartu dute Nafarroan, oposizioaren aurkako botoekin

Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos Nafarroak eta I-Ek aldeko botoa eman dute, eta UPNk, PSNk eta PPNk aurkako botoa eman dute.

Nafarroako Parlamentua
Nafarroako Parlamentua
Nafarroako Parlamentua

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Foru Parlamentuak Gizarteratzeko eta Errenta Bermaturako Eskubideak arautzen dituen Foru Legea onartu du gaur, osteguna, egindako Osoko Bilkuran. Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos Nafarroak eta I-Ek aldeko botoa eman dute, eta UPNk, PSNk eta PPNk aurkako botoa eman dute.Nafarroako Parlamentutik ohar baten bidez zabaldu duenez, legearen xedea pertsonak gizarteratu eta laneratu daitezen sustatzea da, prozesu pertsonalizatuen bidez, eta errenta bermatua eskuratzeko modua arautzea. Errenta hori oinarrizko prestazio ekonomikoa da, aldizkakoa, oinarrizko beharrak asetzen ez dituzten pertsonei zuzendua.Prestazio berri horrek gaur egungo gizarteratze-errenta (RIS delakoa) ordeztuko du, eta hurrengo bi urteetan 18,8 milioiko inbertsio gehigarria jasoko du.

Diru kopuru horiekin, gaur egun, 25.000 pertsona inguruk, hau da, gizarteratze-errentaren jasotzaileen % 80k, jasotzen dituzten estaldura eta zenbatekoak hobetu nahi dira. Aldiz, beste 5.000 lagun inguruk, hau da,% 20k, prestazioa murriztuta izango lukete: hileko 655,20 eurotik 600 eurora jaitsita.Gainera, 2.800 pertsona gehiago errenta bermatua jasotzen hasteko aukera izango dute, egin diren aldaketei esker: prestazioa 65 urtetik gorako pertsonei hedatu zaie; laguntza hori jaso ahal izateko legezko bizileku-baimena edukitzearen baldintza kendu da; adingabeak, mendekotasuna duten pertsonak edota % 65etik gorako gaitasun murriztua duten pertsonak dituzten familia-unitateek errenta bermatua eskuratu ahal izango dute, Nafarroan bizitzen gutxienez urtebete badaramate; eta errenta bermatua 36 hilabetetik gora luzatu ahal izango da, baldin eta premia-egoerak bere horretan irauten badu.Horren guztiaren helburua da "muturreko pobreziaren aurka borrokatzea, Nafarroako gizarte osoaren kohesioa hobetzea, eta gizarteratzea eta laneratzea sustatzea; horrez gain, emakumeek jaso ditzaketen prestazioak kontuan izanik, genero-berdintasunerantz aurrera egitea ekarriko du honek".Diru-sarrera eta ondare nahikoak ez dituzten pertsonek jaso ahal izango dute prestazio berri hori. Gainera, lan-eskatzaile gisa izena emanda egon beharko dute Nafar Lansare - Nafarroako Enplegu Zerbitzuan, administrazio-egoera irregularrean daudenek izan ezik.

Horrez gain, frogatu beharko dute benetako bizilekua Nafarroan dutela gutxienez bi urte lehenagotik, edo, adingabeak, mendekotasuna duten pertsonak edota% 65etik gorako desgaitasuna duten pertsonak dituen familia-unitatea izanez gero, urtebete lehenagotik. Berrikuntza gisa, ez da beharrezkoa izango Espainiako legezko bizileku-baimena edukitzea. Gaur egun, gizarteratze-errenta jaso ahal izateko, egoera irregularrean dauden pertsonek 16 urtetik beherako seme-alabak eduki behar dituzte edo legezko bizileku-baimena galdua izan behar dute lanik gabe gelditu ondoren.Beste betekizun bat adina da: 18 urtetik aurrera izanen da. 18 eta 24 urte bitarteko pertsona bat buru duten familia-unitateek, ordea, beren jatorrizko familiarengandik independente bizi behar dute bi urte lehenagotik, gutxienez, eta urtebeteko kotizazioa izan behar dute Gizarte Segurantzan.65 urte baino gehiago dituzten eskatzaileek, ezarritako betekizunak betetzen badituzte eta erretiroagatik kotizazio gabeko pentsioa jasotzen badute, zerga-kenkaria edukiko dute, eta horrenbestez, errenta bermatua jasotzen duten gainerako familia-unitateek adina eskuratuko dute. Hori hileroko ordainketa aurreratuaren bidez gauzatu ahalko da.Arau orokor gisa, familia-unitatea izango da errenta bermatuaren jasotzailea, eta prestazio bakarra egokituko zaio, baina, salbuespenez, bi prestazio jaso ahal izango dira, unitate berean familia-erro bat baino gehiago daudenean eta haietako batean adingabeak, mendekotasuna duten pertsonak edo % 65etik gorako gaitasun murriztua duten pertsonak daudenean.Osoko Bilkuran egindako eztabaidan in voce zuzenketa bat onetsi da, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek sinatua, familia-unitatearen eta familia-erroaren kontzeptuak zehazten dituena. UPN, PSN eta PPNk aurka bozkatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
UPN Albisteak PSN Albisteak Geroa Bai Nafarroako Izquierda Ezkerra Nafarroa gaur EH Bildu Nafarroako Gobernua albisteak Nafarroako Parlamentua Podemos Ahal Dugu Nafarroa Nafarroako PP azken ordukoa