Politika -
Bilkura Legebiltzarrean
Patxi Lopezek esan du berak zuzentzen duela ETAren aurkako politika
Komunikabide batzuen arabera, Jesus Eguigurenek dokumentu bat idatzi du, besteak beste, baketze prozesua lehendakariak zuzentzea eskatuz eta Batasunaren legeztatzeko aukera eztabaidatzea proposatuz.
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakariak nabarmendu du bera dela Eusko Jaurlaritzaren baketze politika zuzentzen duena eta ezker abertzaleari ohartarazi dio ez duela "lurreratze pistarik jarriko dagokiona egiten ez duen munduari". Horrela erantzun du Joseba Egibarrek Gobernuaren kontrolerako saioan bakegintzari buruz galdetu eta gero. Zehazki, EAJren bozeramaileak "behin betiko bakea" lortzeko Jaurlaritzaren plana zein den argitzea eskatu dio.
Zenbait komunikabidek gaur argitaratu dutenez, Jesus Eguigurenek barne dokumentu bat idatzi du. Bertan "baketze prozesua eta etorkizuneko adiskidetzea" Eusko Jaurlaritzak zuzendu behar duela dio eta, beste gauza batzuen artean, ezker abertzalea legeztatzeko aukera eztabaidatzea proposatzen du.
Lehendakariak zehaztu du adierazpen horiek Jesus Eguigurenen "iritzi pertsonalak" direla eta bera iritzi horiekin bat ez datorrela. Legez kanpo dagoen ezker abertzaleari "ekintzak" eskatu dizkio, "ez adierazpenak".
Terrorismoaren aurkako borrokan eta bakea eta askatasuna lortzeko bidean, Eusko Jaurlaritzak eta PSEk betiko jarrera eusten diotela nabarmendu du.
"Lehendakari naizen heinean, nik neuk zuzentzen dut Jaurlaritzaren terrorismoaren aurkako borroka fronte guztietan, hori gauzatzea Herrizaingo Sailaren eta Rodolfo Aresen eginkizuna bada ere; gainera, Ares ondo ari da", azaldu du.
Bestalde, Joseba Egibarrek adierazi du "uda ostean eszenatoki ezberdina" izango dela "aktore berdinekin", ezker abertzalearen baita ireki den prozesuaren ondorioz. Horrenbestez, "Jaurlaritzak zerbait esan beharko du", erantsi du.
Egibarren esanetan, "ezin dira iraganeko hutsegiteak errepikatu, berriro izango dugulako porrota". EAJren bozeramailearen iritziz, Jesus Eguigurenek adierazpen horiekin esan nahi duena da "aurrea hartu behar dela, inork espero ez zuena dator eta". "Ezker abertzaleak bere lana egin beharko du, politika egiteko ETA oztopoa dela jakin badakilako. Politika egingo dute eta horregatik posizioak berritu behar dira", azpimarratu du.