Politika -
Nafarroako Parlamentua
Carmen Albak ez du azalpenik emango komisarian izandako heriotzagatik
Nafarroako PPk aurreratu du Espainiako Gobernuaren ordezkariak ez duela inolako agerraldirik egingo, Foru Ganberako taldeek hala eskatu duten arren.
Agentziak | Erredakzioa
Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Bozeramaileen Batzordeak Carmen Alba Espainiako Gobernuko ordezkariaren agerraldia eskatu dute, Poliziaren komisaria batean hildako atxilotuaren harira azalpenak eman ditzan.
Hala ere, Nafarroako Alderdi Popularrak iragarri du Albak ez duela inolako agerraldirik egingo Parlamentuan, “horrelakorik inoiz ez duelako egin eta horretara behartuta ez dagoelako”.
Barkatxo Ruiz EH Bilduren parlamentariak azaldu duenez, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta Izquierda-Ezkerra taldeen ekimena arazorik gabe onartu dute goizean, baina Albak ez du agerraldirik egingo.
“Interes alderdikoien jokoan sartzea izango litzateke”, adierazi du Ana Beltran Nafarroako PPren bozeramaileak. Espainiako Poliziak Iruñean duen komisarian atxilotuta zegoen senegaldarrari egindako autopsiak “indarkeria zantzurik gabe” hil zela dioela erantsi du Beltranek, Albaren jarrera justifikatzeko.
Koldo Martinezek (Geroa Bai) aitortu du ez dagoela derrigortuta agerraldia egitera, baina erantsi du “etikoki ondo” egongo litzatekeela Albak azalpenak ematea, “gardentasuna bermatzeko eta Nafarroako gizarteri informazioa emateko”.
Horrez gain, atxilotuen zaintzarako protokolo bat eskatu du Martinezek, “horrelakorik berriro inoiz ez errepikatzeko”.
Bakartxo Ruizek (EH Bildu) oso larritzat jo du Albak azalpenak emateari uko egin izana, “Parlamentu batek, gizarte mugimenduak eta komunitate senegaldarrak hala exijitzen dutenean”.
Laura Perezek (Podemos) esan du Alba “moralki” derrigortuta dagoela azalpenak ematera eta gertatutako guztia argitzeko deia egin du.
Jose Miguel Nuinek (Izquierda-Ezkerra) ere ildo beretik hitz egin du. Ikerketa “zorrotza” eskatu du, “oso larria baita pertsona bat Poliziaren zaintzapean hiltzea”.
Horrenbestez, datozen asteetan mozio bat aurkeztuko dute Nafarroako Gobernuaren menpeko komisaria guztietan kamerak jartzeko eta atxilotu guztien segurtasuna eta osasuna bermatzeko protokoloak ezartzeko. Neurri horiek polizia-etxe guztietan indarrean egon beharko liratekeela gaineratu du.
Bestalde, UPNk ere eskatu du komisarian izandako heriotza argitzea, “gertakari larria delako”.