Politika -

Krisia PSOE-n

PSOEk espedientea ireki die Rajoyren aurka bozkatu duten 15 diputatuei

Ferrazek ez du erabaki oraindik 15 diputatu horiei zigorrik ezarriko dien.

Odon Elorza, espedientea ireki dieten diputatuetako bat. EFE
Odon Elorza, espedientea ireki dieten diputatuetako bat. EFE
PSOEren Batzordeak abiatu ditu ezetz bozkatu zutenen aurkako zigorrak

2:10

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PSOEko Kongresuan duen Talde Parlamentarioaren zuzendaritzak espedientea ireki die Mariano Rajoyren inbestiduran aurka bozkatu zuten 15 diputatuei, alderdi sozialistako iturriak aipatuta Europa Pressek jakinarazi duenez.

Hamabost diputatu horien artean Odon Elorza Donostiako alkate ohia dago. Gainerakoak hauek dira: Margarita Robles, Zaida Cantera, Susana Sumelzo, Rocio de Frutos, Luz Martinez, Pere Joan Pons, Sofia Hernanz eta PSCko zazpi ordezkariak (Meritxell Batet, Manuel Cruz, Lidia Guinart, Jose Zaragoza, Merce Perea, Marc Lamua eta Joan Ruiz).

Luis Carlos Sahuquillo Kongresuko talde sozialistaren diziplina arduradunak gutuna igorri die, PSOEren Batzorde Federalaren erabakia urratuta, Rajoyren inbestidura saioan ezetz bozkatu 15 diputatuei.

Oharrean, Alderdi Sozialistak gogoratzen du urriaren 23ko Batzorde Federalean abstentzioaren aldeko hautua egin zutela, baina, hala ere, aipatu diputatuek beste gauza bat bozkatu zutela.

Horrenbestez, eta PSOEren barne araudia kontuan hartuta, zazpi eguneko epea eman diete 15 diputatuei alegazioak aurkez ditzaten.

PSOEren barne araudiaren arabera, 200 eta 600 euro arteko isuna ezar diezaiekete; araudiak ez du aintzat hartzen alderditik kanporatzeko aukera.

Alderdi Sozialistak azpimarratu du ohiko barne prozedura ari direla aplikatzen kasu honetan ere.

Espedientearen jakinarazpena jaso ondoren, Odon Elorzak ondokoa idatzi du Twitter sare sozialean: "Eta (espediente) gehiago izango dira. Beste batzuek egindako hutsak guk ordainduko ditugu".

Zaida Canterak ere kritikatu du espedientea: "Diziplina espedientearen jakinarazpena jasota. Beldurrik gabe eta kontzientzia garbi".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Alderdi Sozialista Rajoy Espainiako Gobernua argazkiak Espainia Eguneko albisteak