Politika -

Bilboko taberna batean

Bizkaiko PPren Belaunaldi Berrien presidenteari eraso egin diote

PPko hainbat iturrik salatu dutenez, gazte batek Nacho Toca kide popularra mehatxatu du, eta zaplaztekoa eman dio.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nacho Toca Bizkaiko PPren Belaunaldi Berrien presidenteari eraso egin diote goizalde honetan Bilboko taberna batean, PPko hainbat iturrik salatu dutenez.

Horren arabera, gazte bat Tocarengana hurbildu da, PPren Belaunaldi Berrietakoa ote den galdetu dio, eta baietza jaso ostean, Toca mehatxatu eta zaplaztekoa eman dio, eta, ostean, alde egin du.

Erasoaren berri izan eta gero, Javier Ruiz Bizkaiko PPren idazkari nagusiak azaldu du erasoaldiaren oinarrian "arrazoi ideologiko eta politikoak" daudela "Nacho identifikatu baitu".

Ruizen aburuz, "horren arrazoia da urteetan zehar Euskadin erein den hazia, gazte jendearen artean oraindik ere presente dagoena. Ageri denez, "jaso dituen hezkuntza-balioak ez dira izan egokienak".

Gertakariaren aurrean, Ruizek EH Bilduri zuzendu zaio eta esan dio aukera berri bat duela indarkeriazko ekintza bat kondenatzeko, "oraindik egin ez duten ibilbide etiko hori egiteko gai direla erakusteko". Horrez gain, EAJri honako hau galdetu dio: "Norekin eraiki nahi du herri hau, oraindik bortizkeriaren aztarnak dituztenekin edo demokrazia eta aniztasuna errespetatzen dugunokin?".

PP alderdiak Twitterreko bere kontu ofizialaren bidez ere gaitzetsi egin du eraso "onartezina".

Sare sozial berean, Alfonso Alonso Euskadiko PPren buruak bere "babesa eta onginahia igorri dizkio", eta irmo kondenatu ditu "lur honetan gorrotoa elikatzen duten jarrera antidemokratiko guztiak".

Nafarroako Belaunaldi Berriek erasoaren "gaitzespen irmoarekin" bat egin dute: "Zorigaitzez, hau bezalako ekintzek erakusten dute inguru abertzale erradikala eta proetarra bizirik dagoela Euskadin bakea eta askatasuna defendatzen dutenen aurkako borrokan", esan dute komunikatu batean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Alderdi politikoak Euskadiko PP Gaurko azken ordukoa