Politika -

Rajoy, presidente

Rajoyk gaur egingo du presidente karguaren zina erregearen aurrean

Ekitaldia 10:30ean izango da, Zarzuela jauregian. Ministroek ostiralean hartuko dituzte euren karguak, Rajoyk, ostegunean, haien izenak erregeari jakinarazi ostean.

Mariano Rajoy, inbestidura saioan. EiTB
Mariano Rajoy, inbestidura saioan. EiTB
Eraikitakoa desegiteko asmorik ez duela azpimarratu du Rajoyk

1:21

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy PPko buruak gaur egingo du zin Espainiako Gobernuko presidente izendapena Felipe VI.aren aurrean. 10:30ean izango da ekitaldia, Zarzuela jauregian, Errege Etxeko iturriek jakitera eman dutenez.

Aurretiaz, igandean, Ana Pastor Diputatuen Kongresuko presidentea Zarzuela jauregira bertaratu zen erregeari ofizialki jakinarazteko Rajoyren inbestidura-saioa aurrera atera zela aldeko 170 boto, kontrako 111 boto eta 68 abstentzio jaso ostean.

Behin jakinarazpen ofizial eginda eta erregeak Izendapen Dekretua sinatuta, beharrezkoa izango da Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Rajoy Zarzuela joan ahal izan dadin bere kargua zin egitera.

Rajoyk, bere aldetik, ostegunera arte itxarongo du erregearekin berriro batu eta Gobernua osatuko duten kideen izenen berri emateko. Ondoren, Gobernu berriko ministroak hurrengo egunean, ostiralean, joango dira euren karguak zin egitera, ministroen lehen batzarra egin aurretik.

Inbestidura saioa

Mariano Rajoyk larunbat arratsaldez inbestitu zuten bigarrenez Espainiako Gobernuko presidente, sozialisten taldeko kide gehienek bozketan abstentzioa eman eta gero.

Rajoy gehiengo soilez inbestitu zuten,PPk, Ciudadanosek, Coalicion Canariasek, Foro Asturiasek eta UPNk eman zizkioten aldeko 170 botorekin. Kontrako botoak 111 izan ziren, horietako 15 PSOEko diputatuenak izanik, eta 68 abstentzio jaso zituen.

Kontrako boza eman zuten 15 sozialistei Unidos Podemos, ERC, PNV, Partit Demòcrata Català, Compromís, EH Bildu eta Nueva Canarias alderdien botoak batu zitzaizkien.

Inbestidura saioko bigarren eztabaidako bere mintzaldian, Rajoyk parlamentari guztiei ohartarazi zienez, "Espainiak inbestidura soil bat baino gehiago behar du, goberna dezakeen gobernu bat eta ez gobernatua izango dena; ez dut txeke zuri bat eskatzen, baizik eta gobernu bat", gaineratu zuen Rajoyk.

Elkarrizketarako eskaintza berretsi zien talde parlamentariei, eta, adierazi zuenez, prest dago "zuzendu beharrekoa zuzentzeko" eta "bidezkoa denaren aurrean men egiteko". Hori bai, jakinarazi zuen ez duela "eraikitakoa eraitsiko" ezta "bere proiektu politikoa traizionatuko" ere.

PSOE

Antonio Hernando PSOEko Kongresuko bozeramaileak Rajoyri jakinarazi zion "emango dituen pauso guztiak" zainduko dituztela sozialistek.

"Gutxiengo nabarmenean zaude eta zaintza estupean", abisatu zion Rajoyri beste behin, eta PSOEk oposizio sendoena egingo duela gaineratu zuen.

Podemos

Pablo Iglesias Podemoseko buruak Rajoyri esan zion oinarriak jarri dituela Podemosek "lehenago edo geroago" hauteskundeak irabaz ditzan. Horrez gain, sistema politikoarekin "erabat desleiala" izatea leporatu zion, baita PSOE "barrutik suntsitzea" ere.

Ciudadanos

Albert Rivera Ciudadanoseko presidenteak bestelako mezua igorri zion PPko hautagaia zenari; izan ere, hauxe esan zion: "ez da ezer gertatzen gutxiengoan gobernatzeagatik". Horrez gain, bere alderdiaren betekizun guztiak betetzen baditu "legegintzaldia ongi aterako" dela ere adierazi zion.

ERC

Gabriel Rufian ERCko bozeramaileak bere mintzaldi osoa PSOEren aurka ekiteko erabili zuen. "Traidoreak" direla leporatu zien, eta Andaluziako "kazike" bati (Susana Diezi erreferentzia eginez) eta administrazio kontseilu handien interesei men egiten dietela.

Antonio Hernando bere alderdiaren defentsan atera zen, eta Rufiani gaitzetsi zion PSOEren aurka agertutako "gorrotozko" eta "errespetu gabeko" adierazpenak.

EAJ

Aitor Esteban EAJ alderdiko bozeramaileak Rajoyri esan zion hark eta haren Gobernuak "jarrera berei" eusten badiete "porrot egingo" duela, eta "bere porrota izango" dela, "beste inori egotzi ezin izango diona".

Bere mintzaldian zehar, Estebanek adierazi zuen "asaldatuta" zegoela Rajoyren azken hitzaldia entzun eta gero, "politika berekin" jarraituko duela eta orain arte "egindakoari eutsiko" diola jakinarazi baitzuen.

EH Bildu

Oskar Matute EH Bilduko bozeramaileak zorionak eman zizkien ironiaz sozialistei "137 urteko historia dituen alderdi bat arratsalde batean deuseztatzeagatik", eta ohartarazi zien "maldan behera eta galgarik gabe doazela erabateko hutsaltasunerantz".

Aldi berean, oraindik ere "kare biziaren usaia dariola" ere adierazi zuen, GALek Lasa eta Zabala erail zituenekoa gogora ekarriz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua albisteak Politika albisteak Alderdi Sozialista PP Rajoy berriak Espainiako Gobernua argazkiak Gaurko azken orduko albistea