Politika -
Inbestidura saioa
PSOEko 15 diputatuk Rajoyren aurka bozkatu dute, diziplina hautsita
Goizean, Pedro Sanchezek Kongresuko diputatu akta utzi du, inbestidurako bigarren bozketan abstenitzeko zioen Batzorde Federalaren mandatuari ez desobeditzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Diputatuen Kongresuan larunbat honetan presente egon diren 83 diputatu sozialistetatik hamabost izan dira azkenean talde diziplina hautsi eta ezetz esan diotenak Rajoyren inbestidurari. Halaber, Pedro Sanchezi leialak ziren beste bik abstentzioa bozkatu dute, baina "aginduz" egiten zutela azpimarratuta.
Abstenitzeko agindua bete ez duten hamabost horien artean zazpi PSCko ordezkariak dira: Meritxell Batet, Manuel Cruz, Lidia Guinart, Jose Zaragoza, Merce Perea, Marc Lamua eta Joan Ruiz.
Gainerakoak Margarita Robles epailea eta Zaida Cantera komandante ohia dira (independenteak Madriletik), Sofia Hernanz eta Pere Joan Pons Balearretako bi diputatuak, PSEko Odon Elorza, Susana Sumelzo aragoarra, Rocio de Frutos galiziarra eta Gaztela-Mantxako Maria Luz Martinez Seijo.
Pedro Sanchezen hurbilekoak eta haren exekutibaren kide izandako Maria Gonzalez Veracruz murtziarrak eta Adriana Lastra asturiarrak "aginduz, abstentzioa" formula erabili dute beren alderdiko aginduari men egin baina, aldi berean, horrekin bat egiten ez zutela adierazteko.
Obeditu ez duten hamabostei, ziur asko, 600 euroko isuna ezarriko die talde parlamentariak; horrez gain, PSOEko batzorde-kudeatzaileak beroriek kaleratzeko prozedura ireki dezake, baina Javier Fernandez batzordeko presidenteak aurreko egunetan baieztatu duenez, "ez zaio burutik pasatzen" aukera hori.
Mario Jimenez batzorde-kudeatzaileko bozeramaileak zehaztu duenaren arabera, taldeko aginduarekin bat etorri ez diren hamabostetatik militanteak diren seien aurka besterik ezin daiteke "jardun". Horrek kanpoan uzten ditu PSCko zazpiak eta Margarita Robles eta Zaida Cantera independenteak.
Roblesek berretsi egin du Rajoyren aurka bozkatu duten sozialistek "bere konpromisoa bete" dutela, eta, esan duenez, gaurtik aurrera Rajoyren gobernuak "bere politikak alda ditzan" lan egingo dute.