Politika -
Inbestidura saioa
Euskadirako proiekturik ez izatea egotzi dio EAJk Rajoyri
EAJren babesa nahi badu, Euskal Autonomia Erkidegoarekiko jarrera "erabat" aldatu beharko duela ohartarazi dio Aitor Estebanek Rajoyri, "politika auzitegietan egiteari utzita".
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Aitor Esteban Diputatuen Kongresuko EAJren bozeramaileak esan du Mariano Rajoyk “jarrera intolerantea” daukala “Espainia kontzeptuarekiko eta espainiar sentitzen ez diren herritarrekiko”, eta erantsi du horren erakusgarri dela Espainiako Gobernurako presidentegaiak “Kataluniarako eta Euskadirako inolako proiekturik ez izatea”.
Inbestidura eztabaidan, Estebanek azpimarratu du Mariano Rajoyren kontrako ezetzari eutsiko diola EAJk, Espainiako Gobernuak “elkar ulertzeko jarrera erabat aldatzen ez duen bitartean”.
Ildo horretan, politika auzitegietan ez egiteko, Euskadiren naziotasuna aitortzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoarekin “aldebiko” harremanak izateko exijitu dio.
Euskal Autonomia Erkidegoaren autogobernua murrizten duten gertakariak aipatu ditu eta oraindik azpiegitura asko abian jarri gabe daudela salatu du.
Horrenbestez, eta Estebanen esanetan, abuztutik hona Rajoyk ez du ezer egin EAJren konfiantza eskuratu eta inbestidura saioan bere babesa lortzeko.
Bestalde, ETAk jarduera armatua behin betiko amaitu zuela bost urte bete direnean, Espainiako Gobernuak urratsik eman ez duela kritikatu du, “Kolonbiako bake-prozesuaren aurrean poztasun handia erakutsi duen bitartean”.
“Bost urtetan ez duzu inolako urratsik eman eta ez zara euskal erakundeei erantzuteko gai izan”, leporatu dio Estebanek. Jarrera hori euskal gizarteak ez duela ulertzen eta ez duela konpartitzen gaineratu du.
Gauzak horrela, Esteban harrituta agertu da Rajoyren elkarrizketarako eta akordioetara heltzeko borondatea dela eta. “Alderdi konstituzionalistei buruz ari dela suposatzen dut”, erantsi du.
Konstituzioaren erreformari dagokionez, Estebanek ohartarazi du “oso zail” izango dutela egitasmoa gauzatzea Euskal Herriko eta Kataluniako alderdiak aintzat hartu gabe.
Amaitzeko, “Rajoyk gure parte-hartzea eta elkarlana nahi badu, euskal autonomiarekiko eta euskal erakundeekiko jarrera aldatu beharko du, politika auzitegietan egiteari utzita”, azpimarratu du.
EAJren babesa lortzen saiatuko da Rajoy
Erantzuteko tartean, Rajoyk esan du bere esku dagoen guztia egingo duela EAJk Espainiaren gobernagarritasunean parte har dezan.
Ildo horretan, 1996an, Jose Maria Aznarren agintaldian, PPk eta EAJk “koalizioa” osatu zutela gogoratu dio Rajoyk Estebani. “Gauza positiboak, zentzuzkoak eta arrazoizkoak egin ziren orduan”, erantsi du presidentegaiak.
Hala ere, Espainiako Gobernuak bere mugak dituela azpimarratu du. “Gauza garrantzitsu bat ulertu behar duzue: Espainia deszentralizazio mailarik altuena duen herrialdea da eta administrazioan, politikagintza eta zergetan autonomia mailarik handiena duen munduko erkidegoa Euskadi da”, nabarmendu du.
Bakegintzari dagokionez, Rajoyk ondokoa erantzun dio Estebani: “Indarkeriaren amaierarekin lotuta, gauza bakarra eskatzen dut, ETAren desegitea”.