Politika -

Auzitegi Nazionalean

Iñaki Errazkinek 'Naparra'ren gorpuaren kokalekuaren berri eman du

Auzitegi Nazionalean lekuko gisa deklaratu du, eta 'Naparra'ren kokalekuaren berri Espainiako zerbitzu sekretuetako kide ohi batek eman ziola azaldu du.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñaki Errazkin kazetariak lekuko gisa deklaratu du gaur Auzitegi Nazionalean, Jose Miguel Etxeberria Alvarez 'Naparra'ren desagertzea ikertzeko auzian. 'Naparra'ren arrastoa 1980an galdu zen eta, gerora, Batallon Vasco Español eskuin muturreko taldeak bere gain hartu zuen haren hilketa.

Auzitegi Nazionaleko Ismael Moreno epailearen aurrean deklaratu ostean Iñaki Errazkinek azaldu duenez, Espainiako zerbitzu sekretuetako (CESID) kide ohi batek 'Naparra'ren gorpuaren kokalekuari buruzko informazioa eman zion eta baita "krokis zehatz" bat ere. 'Naparra'ren gorpua Mont de Marsan iparraldean, Landetan, Akitanian zegoela ere esan zion.

Informazio hori jasotakoan, Errazkin bera, Paco Etxeberria forentsea eta 'Naparra'ren anaia Mont de Marsaneko toki horretara joan ziren eta, Errazkinek azpimarratu du krokisa zehatza zela egiaztatu zutela.

Ismael Moreno Auzitegi Nazionaleko epailea 'Naparra auzia' ikertzen ari da, Fiskaltzaren eskariz kasua berriz ireki ostean. Epaileak 'Naparra'ren gorpua bilatzeko eskaera egin dio Frantziari.

Bestalde, Paco Etxeberria forentseak azaroaren 10ean deklaratu du.

Iñigo Iruin abokatuak adierazi duenez, Iñaki Errazkinek informazioa nork pasatu zion jakinarazi du, izen-abizen eta guzti. Errazkinek gaur ez dio krokisa eman epaileari, baina epaitegietan entregatzeko konpromisoa hartu omen du. Gaineratu duenez, gorpua aurkitzea da lehentasuna eta behin hori eginda errazagoa izango da hiltzaileari buruzko datu berriak ezagutzea.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea