Politika -

Inbestidura saioa

Larunbatean izendatuko dute Rajoy Espainiako Gobernuko presidente

Inbestidura saioa asteazken honetan hasiko da, 18:00etan. Lehen bozketa ostegunean egingo dute, eta bigarrena, aldiz, larunbatean.

Felipe VI.a eta Javier (PSOE), gaurko bileran. Argazkia: EFE

Rajoyk Felipe erregearen agindua onartu du

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko jarduneko presidentearen inbestidura saioa asteazkenean hasiko da, 18:00etan, Ana Pastor Kongresuko presidenteak atzo iragarri zuenez.

Horrenbestez, lehen bozketa ostegunean egingo dute, eta, bigarrena (Rajoy horretan izendatuko dute, gehiengo sinplez), aldiz, larunbatean.

Ganberako presidentea Felipe VI.a Espainiako erregearekin batzartu zen atzo arratsaldean, Zarzuela Jauregian, eta, bertan, gobernua osatzen saiatzea Rajoyri agindu diola jakinarazi zion estatuburuak.

Pastorrek azaldu zuenez, inbestidura saioa asteazken arratsaldean hasiko da, 18:00etan. Egun horretan, hautagaiak, Rajoyk, egingo du agerraldia, legegintzaldi programa azaltzeko.

Hurrengo egunean talde parlamentarioen txanda izango da, handienetik txikienera.

Hori horrela, lehen bozketa ostegunean egingo dute, eta, bigarrena eta behin betikoa, larunbatean.

Rajoy egun horretan izendatuko dute presidente, gehiengo sinplez, PSOEk bigarren bozketan abstenitzea erabaki baitu.

Rajoy, "errezelorik gabe"

Hori iragarri baino lehenago, Mariano Rajoy PPren buru eta Espainiako jarduneko Gobernuko presidenteak onartu egin zuen "inolako errezelorik gabe" Felipe VI.a Espainiako erregeak egindako proposamena, inbestidura saiora aurkezteko, Rajoyk berak prentsaurreko batean azaldu zuenez.

Rajoyk txalotu eta eskertu egin du PSOEk abstentzioaren inguruan hartutako erabakia, eta "arduratsua eta zentzuzkoa" iruditu zaio, Ciudadanosek PPrekin inbestidura saiorako ituna egin zuenean bezala.

Abstentzioa, baieztatuta

Javier Fernandez PSOEren batzorde kudeatzaileko presidenteak gaur Felipe VI.a erregeari jakinarazi dio PSOEk kontra bozkatuko duela Rajoyren inbestidura saioko lehen bozketan, baina abstenitu egingo dela bigarrengoan.

Iglesiasek PPren, PSOEren eta Ciudadanosen arteko akordioak iragarri ditu

Pablo Iglesias Podemoseko buruzagiak gaur ohartarazi duenez, PP, PSOE eta Ciudadanos alderdiek elkarri mokoka ari direnaren itxura egingo dute, baina akordio estrategikoak lortuko dituzte.

"Kongresua inguratu"

25S koordinadorak "Kongresua inguratzeko" deia luzatu die herritarrei inbestiduraren bigarren egunean, Mariano Rajoyren "legez kanpoko" gobernuren kontra, "Gürtelen Mafiaren" Gobernuari "demokrazia gehiagorekin" aurre egiteko.

Plataforma horren arabera, azkenik "erregimenaren kolpea" egin dute PSOEren laguntzari esker, biek orain "kolokan dagoen" '78ko erregimena "babestea" baitute helburu, Twitterren duen kontuaren bidez adierazi dutenez.

Deitzaileek PSOEren aurka egin dute, PPren gobernuaren aurrean bestelako exekutibo bati oztopo egin diotelako, "aurrena, Ferrazen eta, ondoren, Kongresuan beran jardun duen oligarkia" mugitu denean.

/p>

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAJ-PNV Alderdi Sozialista Alderdi Popularra Espainiako Felipe VI.a Espainiako Gobernua bideoak Espainia EH Bildu Araba Ciudadanos alderdia Podemos bideoak