Politika -

Urte judizialaren hasiera

Urkulluk EAErako Justizia administrazio propioa eskatu du

EH Bilduk lehen aldiz hartu du parte Euskal Autonomia Erkidegoko urte judizialaren hasiera ekitaldian.

Epaileak
Epaileak
Espetxeetako eskumena eta Justizia propioa eskatu ditu Urkulluk

1:23

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu jardunean dagoen lehendakariak Euskal Autonomia Erkidegorako Justizia administrazio “propioa” eta espetxeetako eskumenaren transferentzia aldarrikatu ditu urte judizialaren hasiera ekitaldian.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren egoitzan egindako agerraldian, Urkulluk esan du “ezinbestekoa” dela Justiziaren eskumena egokitzea, “euskal autogobernua errealitate bilakatzeko”.

Ekitaldian Josu Erkoreka eta Estefania Beltran de Heredia Justizia eta Segurtasun sailburuak izan dira, baita euskal erakundeetako eta alderdietako ordezkariak ere. Aipatzeko da EH Bilduk lehen aldiz parte hartu duela urte judizialari emateko ekitaldian.

“Justizia Administrazio propioa izatea posible da elkarrizketaren, elkarlanaren eta leialtasunaren bidetik, eta herritarrei zerbitzu hobea eskaintzeko asmoz”, esan du Urkulluk.

Ildo berean, berretsi egin du espetxeetako eskumenaren transferentzia eskatuko duela, “Gernikako Estatutuan hala jasota dagoelako”.

Bestalde, Juan Luis Ibarra EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak esan du justizia eraberritzeko urratsak garrantzitsuak eman direla Eusko Jaurlaritzarekin izandako elkarlanari esker.

Estatuak hainbat lege aldaketa egin dituela, baina aldaketa horiek gauzatzeko aurrekonturik bideratu ez izana kritikatu du.

Hala ere, eta “oztopoak” egon arren, “justizia azkarra, eraginkorra eta kalitatezkoa” eskaintzea posible dela konbentzituta agertu da.

EH Bildu, lehen aldiz

EH Bilduko legebiltzarkideak (Julen Arzuaga, Eva Blanco eta Jone Goirizelaia) lehen aldiz izan dira urte judizialari hasiera emateko ekitaldian.

“Harremanak normalizatzeko politikaren baitan kokatzen da gure parte-hartzea”, azaldu du Arzuagak. EAEko Justiziaren eta koalizio soberanistaren artean “korapilo garrantzitsuak” eta “elkarrekiko bidegabekeriak” badirela eta horiek guztiak “konpondu” egin behar direla erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Urkullu azken albisteak Eusko Jaurlaritza berriak EAE Gizartea albisteak EH Bildu Nafarroa Eguneko albisteak EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko epaiketak