Politika -
'Black' txartelen epaiketa
Terceirok esan du 'black' txartelak ordezkaritza gastuetarako zirela
1988 eta 1996 artean Caja Madrideko presidente izan zenak lekuko gisa deklaratu du epaiketan.
Agentziak | Erredakzioa
Jaime Terceirok, 1988 eta 1996 artean Caja Madrideko presidente izandakoak, esan du bera presidente zela sortutako txartelak kontseilarien ordezkaritza gastuetan erabiltzeko zirela "soilik". Halaber, "prozedura guztiz gardena" zela azpimarratu du. Terceirok lekuko gisa deklaratu du epaiketan, eta 1988an Administrazio Kontseiluak VISA txartelentzat adostutako baldintzak aipatu ditu.
Administrazio Kontseiluko kideek 1.800 euro jasotzen zituzten urtero otordu-ordainetan; Batzorde Exekutiboko agintariek, berriz, 9.000 euro. Horrez gain, 1988an gastuak ordaintzeko sistema aldatzea erabaki zutela baieztatu du.
"Txartel bana eman genien Administraziorako eta Kontrolerako Batzordeko kideei. Akordio berrian oinarrituta, 600 euroko muga teknikoa zuten. Zenbait iturrik urteen poderioz muga aldatu egin zela esan arren, gezurra da", Terceiroren hitzetan.
Era berean, akusatu batzuek esandakoaren kontra, txartel horiekin ezin zela dirurik atera azpimarratu du: "Ez genien pasahitzik ematen, ezta enpresako txartelen zenbakirik ere".
Alejandro Luzon ustelkeriaren aurkako fiskalaren galderei emandako erantzunen arabera, Caja Madridera heldu zenean 168.000 euro irabazten zituela esan du, eta 254.000 euro gero, 1996an kargua utzi zuenean. Hamabi hilabetetan jasotzen zuen dirua, eta PFEZ zergan jasota zegoen, bere esanetan.