Politika -

Presidentearen inbestidura

Inbestiduraren egutegia: aste erabakigarria

Hirugarren hauteskundeak saihesteko epemuga urriaren 31n, astelehenean, bukatuko da.

Rajoyren aurreko inbestidura saioa. Argazkia: EiTB
Rajoyren aurreko inbestidura saioa. Argazkia: EiTB
Bilera-sortari berriari ekingo dio bihartik aurrera erregeak

1:31

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Astelehen honetan abiatuko ditu Espainiako erregeak kontsulta-bilerak alderdiekin. Bosgarren bilera-sorta izango da, inbestidura-saioen errenkada abiatu zenetik. 15 ordezkari politiko bertaratuko dira, txikienetik handienerako errenkadan. PSOEren izenean, Javier Fernandez PSOEren Batzorde Kudeatzaileko presidentea joango da Felipe VI.arekin biltzera. Esquerra Republicana de Catalunya eta Euskal Herria Bildu dira bileretan parte-hartzeari uko egin dioten bakarrak.

Alderdi Popularra izango da monarka bisitatzen azkena, eta babesak ikusita, Mariano Rajoy bera izendatuko du erregeak presidenterako hautagai, eta hala jakinaraziko dio Ana Pastor Kongresuko presidenteari. Orduan deituko du Pastorrek inbestidura-saioa.

Kongresuko iturriek diotenez, asteazken arratsaldean hasiko da saioa, eta ostegun arratsaldean egingo dute lehen bozketa. Bozketa horretan, Alderdi Popularraren hautagaiak gehiengo absolutua beharko luke (176 diputaturen botoak).

Litekeena da babes nahikorik ez lortzea bozketa horretan, eta, hala, bigarren inbestidura saioa egingo dute 48 ordu geroago. Gehiengo sinplea (kontrakoak baino aldeko boto gehiago) besterik ez du beharko Rajoyk orduan. Oraingoz, 170 ditu ziurtatuta, PPko diputatuen botoei Ciudadanos eta Coalicion Canaria alderdietakoenak gaineratuta. Horrenbestez, aldeko 11 boto gehiago beharko ditu, edo 11 abstentzio, gutxienez.

Alderdi Sozialistak bigarren botazioan abstenitzea erabaki du, baina oraindik ez du erabaki nola gorpuztu abstentzio hori: diputatu guztiek abstentzioa emanda edota 11 diputaturen abstentzio teknikoaren bitartez, gainerakoei kontrako botoa emateko aukera utzita. Bigarren aukera horren alde egingo balu, Mariano Rajoyk behar adinako babesa eskuratuko luke, eta presidente izango litzateke aldeko 170 botorekin eta kontrako 169 botorekin.

Dena dela, baliteke inbestidura saioak egun bat atzeratzea; horrenbestez, lehena ostiralean egingo litzateke, eta bigarrena, igandean. Espainiako erregea Iberoamerikako Bilkurara joatekoa da, eta baliteke hura Espainiara itzuli arte itxarotea presidentea hautatzeko.

Hirugarren hauteskundeak saihesteko epemuga urriaren 31n, astelehenean, bukatuko da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Albisteak Alderdi Sozialista Rajoy berriak Espainiako Felipe VI.a bideoak Espainiako Gobernua Espainia Albisteak