Politika -
Urtarrilaren 7an
Arantza Zuluetaren askatasuna eskatzeko manifestatuko dira Bilbon
Manifestazioaren antolatzaileek nabarmendu dutenez, Zuluetarekin batera atxilotu zituzten gainerako guztiak aske daude.
Agentziak | Erredakzioa
Arantza Zulueta abokatuaren aldeko plataformak manifestazio bat antolatu du urtarrilaren 7rako, Bilbon. Ekimen horrekin Zuluetaren askatasuna eskatu nahi dute, hura atxilotu eta preso sartu zutenetik hiru urte beteko direnean. Zuluetari ETAko presoen barne-diziplinari eusteko ustez sortutako Halboka egituraren burua izatea leporatzen diote, eta bi urte eta 10 hil daramatza behin-behineko espetxealdian.
Bilbon eman duten prentsaurrekoan plataformaren bozeramailea den Laura Gomezek iragarri duenaren arabera, manifestaziora deitzeaz gain, gizarte eragileekin eta politikoekin bilduko dira haien esku-hartzea eskatzeko abokatuak askatasuna lor dezan.
Zentzu horretan, Zuluetarekin batera atxilotu zituzten gainerakoak (guztira 40 lagun) aske daudela nabarmendu nahi izan dute manifestazioaren antolatzaileek.
Bere aldetik, Jone Goirizelaia abokatuak salatu duenez, Zuluetak Euskaditik urruti dauden presondegietan igaro du bere espetxealdiko zatirik handiena, eta isolamendu egoeran. Bere aburuz, neurri hori "mendekua" da, ez baita "arrazoi juridikorik egoera horretan jarrai dezan".
Goirizelaiak guztiz ukatu du aukera hori; izan ere, nabarmendu atxilotu zutenean Zulueta lan egiten zuen abokatua zela, Auzitegi Nazionalean egiten zuela lan eta Bilbon atxilotu zuela, bulegoa zuen lekuan.