Politika -
Krisia PSOEn
Rajoyri agintzen utzi ala ez erabaki beharko dute
Beste hauteskunde batzuk izateko beldurrik izan ez eta militanteei galdetzeko prest dagoen fakzioak agerian utziko du bere "haserrea".
Agentziak | Erredakzioa
PSOEren Batzorde Federalak bitan zatituta ekingo dio igande honetan egin behar duen batzar erabakigarriari. Batzordeak Mariano Rajoyren inbestiduraren aurrean izango duen jarrera erabaki behar du, eta itxura guztien arabera abstentzioaren aldeko joera da nagusi une honetan, Andaluziak eta hirugarren hauteskundeak baztertzen dituzten federazioek duten indarragatik.
Ezetzaren aldeko blokeak hainbat lurralderen babesa du, besteak beste, Katalunia, Balearrak, Euskadi edota Kantabriarena, baina Pedro Sanchezen kargu uztearekin bukatu zen urriaren 1eko Batzorde Federalean izandako porrota berriz errepikatuko den beldur da.
PSOEren kongresua noiz egin erabakitzeari buruz batzar hartan egon zen konfrontazioa errepikatzea espero da, baina duela hiru aste egon zen liskarrik gabe.
PSOEren batzorde-kudeatzailea eta Javier Fernandez bertako presidentea animoak sosegatzen saiatu dira lurralde-baroien artean, baina ez dute gauza bera egiterik lortu militantziarekin; izan ere, Espainia osoko elkarteetan jaiki egin dira alderdiak hartu nahi duen noranzko berriaren aurka.
Bi hauteskunde izan eta hamar hilabeteko geldialdiren ostean, Gobernua desblokeatzeko giltzarria Batzorde Federala osatzen duten 270 delegatu ingururen esku dago, deseginda geratu zen Sanchezen Exekutibako kideen bajaren ostean.
Joan zen urriaren 1ean, 239 konpromisariok bozkatu zuten; horietako 132 dimisioa eman zuen idazkari nagusi ohiaren aurka agertu ziren, eta gainerako 109 konpromisarioek, berriz, Sanchezi eman zioten babesa.
Zenbait iturriren aburuz, ez da zertan errepikatu behar bozketa horren emaitza; alabaina, abstentzioaren aldekoek uste dute erraz gailenduko direla, Andaluzia, Extremadura, Gaztela-Mantxa eta Aragoiren bultzadarekin.
Ia hausturarik gabe, Andaluzia da abstentzioaren motorra, nahiz eta Susana Diaz Andaluziako Juntako presidenteak ez duen argiro azaldu Batzordearen aurretik aukera horren aldeko jarrera.
Modu berean jokatu dute gobernatzeko Podemosen laguntza behar duten Ximo Puig valentziarrak eta Emiliano Garcia-Page gaztela-mantxarrak ere, baina inork ez du zalantzan jartzen Andaluziako PSOEren jarrera babestuko dutenik.
Behin abstentzioa adosten bada, bando horretakoek duten desadostasun nagusiena honako hau da: diputatu guztiek batera bozkatu behar duten (Diaz eta Fernandez horren aldekoak dira) edota hamaikak besterik ez duten boza eman behar (Rajoy inbestitzeko beharrezkoa den kopurua bakarrik).
Batzordean aurkakotasunak ekiditeko, asmoa da gai hori datorren astean erabakitzea talde parlamentarioaren barruan.
Kontrako blokean, aldiz, ez dute etsitzen, baina onartu egiten dute Rajoyren kontrako jarrera garaile ateratzeko dauden aukerak murriztu egin direla.
Modu pribatuan zein publikoan onartzen dute, PSE-EEko Idoia Mendiak egin duen gisara: "Zaila izango da ezezkoak gehiengoa lortzea".
Sanchezen zaleen iritziz, "alderdian disoziazio bat dago, militanteek esaten dutena ez da irudikatzen Batzorde Federalean beren delegatuek bozkatuko dutenarekin", kexatu da deseginda geratu zen Exekutibako kide izandako bat.
Horixe bera da Madril, Gaztela eta Leon, Galizia, Asturias edota Murtziaren kasua, bertako konpromisarioak abstentzioaren aldekoak baitira edota banatuta baitaude, beraien afiliatuek ezezkoaren aldeko apustu garbia egiten duten bitartean.
PSC da Rajoyren aurkako jarrera irmoena erakutsi duena, nahiz eta Ferrazetik presioa jasan eta mandatua ez betetzeak euren arteko aldebiko harremana birplanteatzea ekar dezakeela ohartarazi dioten.
Balearretako PSOE ere muturreraino eramateko prest dago ezezkoaren aldeko jarrera; haatik, Euskadi, Errioxa, Kantabria eta Nafarroak ezetza babestuko duten arren, men egingo diote Kongresuko boto-diziplinari.
Beste hauteskunde batzuk izateko beldurrik izan ez eta militanteei galdetzeko prest dagoen fakzioak agerian utziko du bere "haserrea".
Argitzeke dauden beste zenbait kontu
Rajoyren inbestiduraren aurrean alderdi sozialistak izango duen jarrera ezagutzeaz gain, sozialisten organo gorenaren batzarra egin aurrean, badaude argitzeke dauden beste zenbait kontu ere.
Horietako bat da zein testu eztabaidatuko den, eta ea testu horretan abstentzio hitza argi agertuko den edota, horren ordez, hirugarren hauteskundeak izatea nahi den ala ez erabiliko duten eufemismo gisa.
Jakiteke dago ere bozketa sekretua edota ahots ozenez adierazi beharrekoa izango den; Javier Fernandezek nahiago du bigarren aukera hori.
Sanchezen aldekoak hautetsontzi bidez egingo den beldur dira, abstentzioa bultzatzen dutenek anonimatua lagun izan dezaten eta militanteek ez ditzaten seinalatu "lurraldeetara zer bozkatu duten azaltzera joan behar dutenean".
Zalantzan dagoen beste alderdi bat da Pedro Sanchez Batzordera idazkari ohi gisa bertaratuko ote den ala ez (hitz egin dezake, baina ezin du bozkatu), baina ez dirudi hala izango denik.
Ez du ematen PSOEko mandatari izandako beste batzuk ere agertuko direnik (Felipe Gonzalez eta Alfredo Perez Rubalcaba, besteak beste), nahiz eta Alfonso Guerrak bezala abstentzioaren alde agertu duten jarrera erabakigarria izan den ezezkoa babestu dutenak baztertzeko.