Politika -

XI. Legegintzaldia

Legebiltzarreko Mahai berria osatuko dutenen izenak, argituta

EAJk Bakartxo Tejeria eta Iñigo Iturrate proposatuko ditu; EH Bilduk Eva Blanco; PSE-EEk Txarli Prieto; eta Elkarrekin Podemosek, berriz, Cristina Macazaga.

Hauek izango dira Legebiltzarreko Mahaiko kideak

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Legebiltzar berriaren osaketarekin abiatuko da ostiral honetan Eusko Legebiltzarraren XI. Legegintzaldia. 75 legebiltzarkideek eserlekuak hartuko dituzte, eta Mahai berria osatuko dute.

Bakartxo Tejeria jeltzaleak Legebiltzarreko presidente karguari eutsiko dio eta, EH Bilduk baieztatu duenez, Eva Blanco izango da euren ordezkaria mahaian. Zehazki, lehen presidenteordetza hartuko du bere gain.

Bestalde, PSE-EEk Txarli Prieto izendatu du mahairako hautagai, eta bigarren presidenteordea izango da. EAJk Iñigo Iturrate izango du lehen idazkaritzan eta Elkarrekin Podemosen esku geratuko da bigarren idazkaritza. Cristina Macazaga izango da ordezkaria, Radio Euskadik jakin ahal izan duenez.

Horrez gain, Radio Euskadik baieztatu ahal izan duenez, PPk erabaki du Anton Danborenea mahaiaren idazkaritzarako aurkeztea, nahiz eta hautagaitzak aurrera egiteko aukerarik ez izan.

Adinaren mahaia

Saioren burua Bakartxo Tejeria izango da, Ganberako Batzorde Iraunkorreko ordezkari nagusi legez. Batzorde horretako kide batek legebiltzarkide guztiak deitu ditu, akreditazioetako ordenari jarraituta. Ondoren, beren eserlekuak hartuko dituzte.

Tejeriak orduan Juan Luis Uria (1952) Elkarrekin Podemoseko kidea deituko du, ordezkarien artean adinekoena izanik berari dagokiolako adinaren mahaiaren presidentea izatea.

Bertan izango ditu ere, araudiari jarraituta, PP alderdiko Juana Bengoechea (1954) eta Juan Carlos Ramirez Escudero (1955) jeltzalea (adinez nagusienak diren hurrengo biak); eta Elkarrekin Podemoseko Lander Martínez (1989) eta Julen Bollaín (legebiltzarkide gazteenak).

Ondoren, Uriak 15 minutuz etengo du bilkura, eta alderdiek Mahairako aukeratutako hautagaiak aurkeztuko dituzte.

Litekeena da EAJren, EH Bilduren, Elkarrekin Podemosen eta PSE-EEren hautagaiak egotea bertan, eta PP, berriz, Mahaitik kanpo geratzea, 1990etik estreinakoz.

Bozketak bananduta egingo dituzte: Bat presidentea hautatzeko, beste bat presidenteordetzetarako eta hirugarren bat idazkaritzetarako.

Bateraezintasunak

Legebiltzarra osatzeko saioa bukatuta, hurrengo osoko bilkurak gai bakarra izango du: Bateraezintasunen Batzordea eratzea. 20 eguneko epea izango dute dagokion ebazpena kaleratzeko eta, ondoren, ebazpen hori eztabaidatu eta onartzeko saioa deituko da. Behin bukatuta, iragarriko da lehendakaria izendatzeko saioa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak PNV-EAJ Eusko Legebiltzarra bideoak EH Bildu PSE-EE Euskadiko PP berriak Gaurko azken ordukoa Podemos bideoak