Politika -
Katalunia
Fiskaltzak Forcadellen aurkako helegitea agindu du desobedientziagatik
Estatuko Fiskal Nagusiak Kataluniako Fiskaltzari eskatu dio Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidentearen kontrako helegitea aurkeztea, desobedientzia eta prebarikazioa egotzita.
Agentziak | Erredakzioa
Consuelo Madrigal Estatuko Fiskal Nagusiak agindua helarazi dio Kataluniako Fiskaltzari Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidentearen kontrako helegitea aurkezteko. Prebarikazioa eta Auzitegi Konstituzionalari desobedientzia egotzi dizkio, Konstituzionalaren abisuei muzin eginda eta Parlamentuko bi talderen eskariz, Prozesu Eratzaileari buruz ikerketa batzordeak egindako txostena eguneko gai zerrendan sartzea eta bozkatzea onartu baitzuen Carme Forcadellek.
Hain zuzen ere, joan den urriaren 6an Auzitegi Konstituzionaleko osoko bilkurak gehiengoz erabaki zuen Fiskaltzari eskatzea Carme Forcadellen kontrako zigor arloko prozedura zabaltzeko, bere aginduak ez betetzeagatik.
Konstituzionalak gertaeren berri eman zion Fiskaltzari eta, baldin eta egoki ikusten bazuen, Carme Forcadellen aurkako zigor prozedura hastea eskatu zion.
Orain, Fiskal Nagusiak ustezko bi delitu identifikatu eta helegitea agindu dio Jose Maria Romero de Tejada Kataluniako Fiskalari, hark Kataluniako Auzitegi Nagusian akusazio egin dezan, Forcadell bertan aforatua baita.