Politika -

Bateragune auzia

Gizartearen babesa helarazi dio LABek Rafa Diezi

LABeko hainbat buru sindikatu horretako idazkari nagusi ohia bisitatu dute El Duesoko espetxean (Kantabria), bertan baitago preso Bateragune auziagatik.

LABeko hainbat kide El Duesoko espetxe aurrean. Argazkia: @LABsindikatua
LABeko hainbat kide El Duesoko espetxe aurrean. Argazkia: @LABsindikatua
LABeko ordezkaritza batek Rafa Diezi bisita egin dio espetxean

1:09

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ainhoa Etxaide LAB sindikatuko idazkari nagusia eta Jabi Garnika zuzendaritza nagusiaren ondokoa Santoñan (Kantabria) dagoen El Duesoko espetxera arte hurbildu dira igande honetan, sindikatuko idazkari nagusia izan zen Rafa Diez Usabiagari bisita egin eta jasotako babesak helarazteko asmoz. Diez bertan dago espetxeratuta Bateragune auziagatik, eta Etxaidek hura aske uzteko eskatu du "injustizia" batekin bukatze aldera.

Bisitaldia goizeko 11:30 pasata hasi da, eta iraun duen 40 minutuetan zehar jatorri eta ibilbide politiko, sozial, kultural eta sindikal askotarikoa duten hainbat pertsonak sinatutako manifestua igorri diote, beste zenbait mezuren artean.

Sindikatuak gogorarazi duenez, zazpi urte igaro dira Polizia Nazionala LAB sindikatuko egoitzan sartu eta Rafa Diez,Arnaldo Otegi eta ezker abertzaleko beste zenbait mandatari atxilotu zituela, horien artean Rufi Etxeberria, Sonia Jacinto eta Miren Zabaleta.

Rafa Diezi Batasuna berrantolatzen saiatzea leporatu zioten, eta Auzitegi Nazionalak 10 urteko espetxe-zigorra ezarri zion. Ondoren, Auzitegi Gorenak sei urte eta erdian utzi zuen zigorraldia.

LABek adierazi du Usabiagak preso jarraitzen duela eta gainerako auzipetuak aske daudela, baina bere zigor osoa bete ostean. "Oso garesti ordaindu dute. Injustizia horrekin amaitzeko garaia da. Bada garaia Labeko idazkari nagusi ohia eta gainerako presoak etxera ekartzeko", aldarrikatu du Ainhoa Etxaidek.

Etxaideren iritziz, "urrats berriak" eman behar dira presoen eta atzerriratuen aldeko borrokan, bai herri gisa, bai sindikatuetatik edota langile bakoitzetik".

Horrenbestez, datozen hilabeteetan LABek "preso eta erbestean dauden pertsonen arazoari konponbidea ematearen auzia" mahaigaineratuko du. "Preso eta erbestean dauden pertsonen itzulera aldarrikatuko dugu, azken egunetako ekimenei jarraipena emanez. Langileok gauza asko dugu esateko eta egiteko arazo honen aurrean", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Langile Abertzaleen Batzordeak Gaurko azken orduko albistea