Politika -

Manifestazioa Donostian

Milaka lagun, larriki gaixo dauden presoen eskubideen aldeko martxan

Sarek egindako deialdiari erantzunez, jende ugari bildu da larunbat honetan Donostian, larriki gaixo dauden presoen eskubideen defentsan.

Larriki gaixo dauden presoen eskubideen aldeko martxa Donostian. Argazkia: EiTB
Larriki gaixo dauden presoen eskubideen aldeko martxa  Donostian. Argazkia: EiTB
Gaixo dauden presoen aldeko martxa jendetsua izan da Donostian

1:57

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka pertsona bildu dira larunbat arratsaldean Donostian Sare kolektiboak deituta, larriki gaixo dauden pesoen eskubideen aldeko manifestazioan.

Martxa bostak eta laurdenean abiatu da Boulevardetik eta hiriko kale nagusietatik zehar ibili da 'Larriki gaixo dauden euskal presoak etxera' leloa zuen pankarta baten atzetik.

Deialdirekin bat egin dutenen artean honako hauek egon dira, besteak beste: Rebeka Ubera EH Bilduko kidea, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusi izandakoa, Tasio Erkizia ezker abertzaleko buru ohia, Ainhoa Etxaide LAB sindikatu idazkari nagusia, Pili Zabala Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkidea (zeina bere izenean joan den) edota Etxerat elkarteko ordezkariak.

Manifestazioa hasi aurretik, Sareko bozeramaile diren Joseba Azkarraga eta Itxiar Arteagak adierazpenak egin dituzte. Gogorarazi dutenez, gaur egun gaixotasun larriak dituzten hamar euskal preso daude espetxeratuta, eta ziurtatu dutenez, gaurko ekimenaren xedea da " aktibazio ziklo berri bati hasiera ematea euskal jendarte nahiz alderdi eta instituzioen inplikazio handiago bat behar dugulako".

Azaldu dutenez, ez dute eskatzen legedian jasota ez dagoen ezer, baizik eta Justiziak "legea beteta eta gizatasunez" joka dezala. "preso gaixoak etxean eta bizirik nahi ditugu", gaineratu dute.

Ildo horretatik, "erabat arbuiagarria" dela esan dute Madrilgo Gobernuaren jarrera; beren aburuz, "ez dator inolaz ere bat guztien artean eraiki behar dugun elkarbizitzarako bidearekin".

Horrenbestez, Gobernu zentralari eskatu diote "Europako araudia bete" dezala, eta "politika mendekariari" amaiera eman diezaiola, ez baitu inolako zerikusirik duela bost urte ETAk behin betiko armak uzteko hartu zuen erabakiarekin".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Donostia albisteak Presoak argazkiak Eguneko albisteak