Politika -
11. legegintzaldia
EAJko 28 legebiltzarkideek egiaztagiriak jaso dituzte
Horrenbestez, martxan jarri dira ganbera osatzeko epeak.
EITB.EUS
Irailaren 25eko hauteskunde autonomikoetan aukeratutako EAJren 28 legebiltzarkideek akta edo egiaztagiria jaso dute gaur Gasteizko ganberan. Izapide horrek martxan jarri du Eusko Legebiltzar berria osatzeko epeak.
Izan ere, araudiaren arabera, gutxienez 75 legebiltzarkideen herenak akreditazioa jasotzen dutenean abiatuko da prozesua. Astelehenean Elkarrekin Podemos alderdiaren 11 ordezkariek jaso zituzten aktak, eta gaurkoan EAJren 28 ordezkariek jasota, 25eko langa hori igaro da.
Bakartxo Tejeria Diputazio Iraunkorraren presidenteak ganbera osatzeko osoko bilkura deitu du urriaren 21erako. Egun horretan aukeratuko dituzte Eusko Legebiltzarreko Mahaia osatuko duten kideak —bost kidek osatuko dute, eta horietako bat da presidentea—.
Ganbera eratutakoan, beste bilkura bat egingo dute Bateraezintasunen Batzordearen kideak izendatuko dituzte. Saioa amaitzen denean, inbestidura noiz egingo den iragarriko du Legebiltzarreko presidenteak.