Politika -
BILERA LEGEBILTZARREAN
Sintonia ona EH Bildu eta Elkarrekin Podemosen artean
Alderdi biek lankidetzarako borondatea agertu dute gizarte gaietarako eta, autogobernuari dagokionez ere, ‘adostasunerako aukerak’ badaudela baieztatu dute Legegbiltzarrean egin duten bileran.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EH Bildu eta Elkarrekin Podemos legegintzaldian zehar balizko paktuak egiteko batzartu dira Legebiltzarrean. Bi alderdiek gizarte gaietako hainbat puntutan ados daudela aitortu dute eta, autogobernuari dagokionez ere akordioetara iristeko aukerak badaudela azpimarratu dute.
Bi alderdietako ordezkariak"lehenengo aldiz batzartu dira astearte honetan irailaren 25eko hauteskundeen ondoren.
Bilera bukatuta, ordezkaritza biak kazetarien aurrean agertu dira. EH Bilduko ordezkaritzatik Maddalen Iriarte, Miren Larrion eta Arnaldo Otegi azaldu dira eta, Elkarrekin Podemosen aldetik aldiz, Kongresuko diputatua eta Podemos Euskadiren arduraduna den Nagua Alba azaldu da.
Albaren esanetan, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek "gizarte politiken blindajearen" inguruan hainbat puntu adosteko aukerak dituztela adierazi du. Legebiltzarrean dagoen "gehiengo progresistak" eskaintzen dituen aukerak aztertu behar direla gaineratu du. (EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk 38 eserleku dituzte).
Miren Larrionek bere aldetik. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek autogobernuari dagokionez ibilbide berbera egin dezaketela baieztatu du. Hala ere, Elkarrekin Podemosek independentziarako erreferenduma onartuko lukeen "argitasun legea" onartzearen alde soilik egongo litzateke oraingoz.
Iriartek azaldu duenez, erabakitzeko eskubidearen alde daude alderdi biak baina, horren ondoren, Elkarrekin Podemosek bere proposamen propioak aurkeztuko lituzkeela azaldu du.
Akordio zabalak EAJrekin
Legegintzaldi honetan "akordio zabalak" egitearen alde azaldu da Miren Larrion, EH Bilduren ordezkaria. Hori horrela, eskua luzatu dio berriz ere EAJri autogobernuaren gaian aurrerapausoak emateko.
EAJk baldintza bat ezarri zion EH Bilduri bake eta bizikidetzaren inguruan bere jarrera adierazteko. Arnaldo Otegik bestalde, ez du "aurretiaz jarritako" baldintzarik nahi. "Kanpainan zehar argi utzi genuen zer egin bahi genuen eta norekin. Inork egin nahi duenarekin arazoren bat badauka, ez dezala aitzakiarik bilatu beste alderdietan", agineratu du Otegik.