Politika -
Ponentziaren aurkezpena
Sortuk eztabaida-prozesua abiatu du, birsortze-kongresua egin aurretik
Kongresua urtarrilaren 21ean izango da, eta militanteek azaroaren 3ra arte dute bertan eztabaidatu nahi dituzten proposamenak aurkezteko. Lehena zabaldu dute asteburu honetan: Zohardia.
eitb.eus
Sortuk asteburu honetan abiatu du eztabaida-prozesua, 2017ko urtarrilaren 21ean birsortze-kongresua egin aurretik. Militanteek zuzendaritza-taldea osatzeko hautagaiak eta horiek defendatuko dituzten ponentziak aurkezteko epea azaroaren 3ra arte egongo da zabalik. Plazaratu den lehenengoa Arnaldo Otegik babesten duen Zohardia izeneko testua izan da. Horren arabera, Sortuk alderdi-mugimendu gisa definitzen du bere burua, eta prozesu independentista martxan jartzea du helburu.
Halaber, "birsortze-kongresuaren erronka nagusia antolakuntza-eredu berritzailea eta eragilea ezartzea da, militanteen kultura berri baterako oinarriak zehaztu eta xede politikoak betetzeko", adierazi dute dokumentuan.
Zohardia ponentzia
Zohardia ponentzia da oraingoz aurkeztu duten bakarra, eta Sorturen egiturak egokitzea proposatu dute horren bultzatzaileek, baita behetik gora egingo den prozesu independentistaren ildo politikoa moldatzea ere.
Sorturen aburuz, egun euskal herritarrek dituzten behar sozialei erantzun ahal izateko tresna burujabetza eskuratzea da. Horretarako, Euskal Errepublika sortu beharra azpimarratu du, bitarteko horien guztien jabe izateko.
Era berean, Zohardiak Sortu alderdi-mugimendua izatea proposatu du, herri-dinamika eta erakundeetako lana uztartuko dituena. Zuzendaritza arinagoa izatea ere planteatu du: 9 kide, gehienez, eta Antolaketa Arduradun Nazionala, tartean. Bestalde, bi batzar antolatuko lituzkete kongresu batetik bestera: Konferentzia politikoa, batetik, eta Batzar Nazionala, bestetik.
Barne-antolakuntzari dagokionez, militantea edo sortzailearen figura sortuko lukete, eta bestelako joerak ere onartuko lituzteke, baldintzapean. Herri-mailan, berriz, tailerrak, dinamika ekintzaileak eta galdeketak prestatuko lituzkete. Internet bidez bozkatu ahal izango da, eta azaroaren 3ra arte egongo da ponentziak eta zuzendaritza berrirako hautagaitzak proposatzeko aukera. Abenduan eta urtarrilean aurkeztu eta zuzenketak egiteko aukera izango da, eta urtarrilaren 21ean, birsortze-kongresua egingo dute.