Politika -
Gipuzkoa
Bidegi auzian 'manipulazioa' egin izana egotzi dio Aldundiak Bidegiri
Foru erakundearen esanetan, Martin Garitano ahaldun nagusi ohiaren Gobernua "kontaketa faltsua sortzen saiatu zen, aurreko kudeatzaile politikoen, profesionalen eta enpresen ospeari kalte egiteko".
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Aintzane Oiarbide Gipuzkoako Aldundiko Bide Azpiegituretarako diputatuak Bidegi auziko salaketan "manipulazioa egitea eta hainbat datu ezkutatzea" egotzi dio Bilduri.
Kereila azken legegintzaldian jarri zuen aurreko Foru Gobernuak, koalizio abertzalearen esku zegoenean, Bidegiko teknikari batzuen eta goi-kargudun baten aurka, Eskoriatza eta Arrasate arteko AP-1 errepidearen eraikuntzan "agiriak faltsutzea eta diru publikoa bidegabe erabiltzea" egotzita.
Oiarbidek eta Alfredo Etxeberria Bidegiko zuzendariak Basagoitiko kereilako agiri teknikoen inguruan egindako ikerketaren ondorioak aurkeztu dituzte, eta akusazioko argudio teknikoek ez dutela "mamirik" salatu dute.
Diputatuaren esanetan, kereilak "datu faltsuak, hutsuneak eta manipulazioak" ditu oinarri, eta, horrela, Martin Garitano ahaldun nagusi ohiaren Gobernua "kontaketa faltsua sortzen saiatu zen, aurreko kudeatzaile politikoen, profesionalen eta enpresen ospeari kalte egiteko".
Horren ildotik, "akusazio faltsua" sostengatzeko hainbat datu "nahita ezkutatu" egin dituztela ohartarazi dute.
Oiarbideren hitzetan, kereila oinarri duen txostenaren argudioak ez dira "baliozkoak".