Politika -
Gobernu osaketa
Rajoyk adierazi du ez diola baldintza bakar bat ere jarriko PSOEri
Espainiako jarduneko presidenteak azpimarratu du 'zentzugabekeria' bat litzatekeela hauteskundeak hirugarrenez egitea eta Gobernua osatzea 'premiazkoa' dela gaineratu du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Mariano Rajoy Espainiako jarduneko presidenteak gaur ziurtatu du ez diola baldintza bakar bat ere jarriko PSOEri bere inbestidura errazteagatik eta azpimarratu du "zentzugabekeria" bat litzatekeela hauteskunde orokorrak errepikatzea. Rajoyren hitzetan, "zentzuzkoa eta premiazkoa" da Gobernua osatzea, eta hori dela eta koalizio gobernua osatzeko edota "zazpi edo zortzi gai nagusitan" akordioak lortzeko eskaintza egin dio berriro PSOEri.
Malagan kongresu bat inauguratu aurretik egin dituen adierazpenetan, Javier Fernandez PSOEko gestorako presidentearekin ahalik eta azkarren eta "argi eta garbi" hitz egin nahi duela zehaztu du.
Jarduneko Espainiako gobernuko buruak nabarmendu duenez, ez dio baldintza bakar bat ere jarriko PSOEri "zentzuzkoena eta premiazkoena Gobernua osatzea delako eta ez elkarri baldintzak jartzea". "Koaliziorako proposamena egin nuen eta hori ez bada posible edozein aukera aztertzeko prest gaude, izan ere, Gobernua osatzea da lehentasuna", azpimarratu du. Gaineratu duenez, "astakeria" litzateke hauteskundeak errepikatzea.
"Espainiak Gobernu bat behar du lehenbailehen, errekuperazio ekonomikoa egonkortzea eta enplegu sorrerarekin jarraitzea dago jokoan", zehaztu du. Ildo horretan, Nazioarteko Diru Funtsak aurtengorako egindako hazkunde aurreikuspenak hobetu izana aipatu du. Dena den, hurrengo urtean datuak ez direla hain onak izango ohartarazi du.
Horrenbestez, Rajoyren esanetan, "egonkortasuna, segurtasuna eta ziurtasuna" bermatuko dituen Gobernua osatzea litzateke "onena".