Politika -
Carlton hotelean
Lehen Jaurlaritzaren jardunaren inguruko liburua aurkeztu dute Bilbon
Iñigo Urkulluk jardun horren ''batasuna'' azpimarratu du, Carlton hotelean egin duten ekitaldian. Agirreren Exekutiboaren egoitza izan zen.
Agentziak | Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak lehen Eusko Jaurlaritzaren jarduna gogoratu du asteazken honetan Bilbon, Exekutibo horren historiaren inguruko liburuaren aurkezpenean. 'El primer Gobierno Vasco en Bilbao. 1936-1937. En pie sobre la tierra vasca' da lanaren izena, eta Carlton hotelean aurkeztu dute, Agirreren lehenengo Jaurlaritzaren egoitza hartu zuen eraikinean bertan.
Leyre Arrieta, Eider Landaberea, Miren Barandiaran, Iñaki Goiogana, Asier Madarieta eta Jose Antonio Rodriguez Ranz dira argitalpenaren egileak. Lehendakariarekin batera, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea ere aritu da aurkezpen lanetan.
Urkulluk azpimarratu duenez, alderdien arteko akordioaren bidez sortu zen orduko Jaurlaritza, eta horien artean ''leialtasuna zen nagusi, ideial berdinen bila eta batzen zituenari garrantzia emateko''.
Horrekin batera, nabarmendu du lehenengo Jaurlaritza hura gizarte-eskubideak eta pertsonekiko ardura lehenesten zituen programarekin konprometitutako gobernua izan zela, eta ezberdinen arteko akordioa izan zuela oinarri ''denboran irauteko''.
Agerraldia bukatzeko, liburuaren protagonistei egin die aipamen, Jose Antonio Agirreri eta sailburuei. Hain zuzen ere, lehendakariaren eta sailburuen senitartekoak ere izan dira ekitaldian, politika eta kultura arloko ordezkariekin batera.
'Bilbogileak-Memoria de Bilbao' liburu sail berriaren lehenengo liburua da hau.