Politika -

Espetxe politika

ETAko presoen kondenak ez pilatzea babestu du Konstituzionalak

Auzitegiak berretsi egin du Gorenaren tesia, eta, horrenbestez, ez du kontuan hartuko presoek beste herrialde batzuetan preso emandako denbora.

Kepa Pikabea presoak aurkeztutako helegitea atzera bota du Konstituzionalak. EiTB
Kepa Pikabea presoak aurkeztutako helegitea atzera bota du Konstituzionalak. EiTB
Kepa Pikabea presoak aurkeztutako helegitea atzera bota du Konstituzionalak. EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Konstituzionalak errefusatu egin du Kepa Pikabea ETAko kide ohiak Frantzian preso emandako urteak haren kondenan kontuan hartzea, eta, horrenbestez, presoak kartzelan jarraitu beharko du. Erabakiak beste hainbat presori eragingo die, hala nola Santiago Arrospideri eta Rafael Carideri. Zatiketa handia egon da auzitegian (zazpi boto, lauren aurka).

Horrela, Konstituzionalak berretsi egin du Auzitegi Gorenak iazko urtarrilean hartutako erabakia. Europar Batasuneko beste herrialde batean preso emandako urteak kondenatik murriztu behar direla dio arau europar batek, baina arau hori kontuan ez hartzea erabaki zuen orduan Gorenak.

Gorenaren erabaki hori Kepa Pikabeari buruzkoa zen, eta, orain, Konstituzionalak haren helegitea atzera botatzea erabaki du.

Dena dela, erabakiak beste hainbat presori ere eragingo die, hala nola Francisco Mujika Garmendiari, Rafael Carideri, Santiago Arrospideri eta Alberto Plazaolari.

Boto partikularrak

Konstituzionalaren erabakiak barne-zatiketa handia izan du.

Izan ere, Adela Asua eta Juan Antonio Xiol epaileek boto partikularra eman dute, eta bertan agerian utzi dute erabakiarekiko desadostasuna. Bi epaile horien arabera, ebazpenak legezkotasun penalaren eskubidea urratzen du, askatasun eskubidearekiko. Asua eta Xiolen ustetan, Konstituzionalak helegitea onartu behar zuen, eta epai bat kaleratu, "legezkotasun penalerako eskubideen (25.1. art) eta askatasunerako eskubideen (17.1 art.) urratzeagatik". "Legegilearen akatsak, erabakiak edo utzikeriak ezin dira konpondu oinarrizko eskubideak sakrifikatuta", gaineratu dute. "Hori gertatzen denean, Auzitegi Konstituzionalaren lana da berau zuzentzea, nazioarteko erakundeen erabakietara itxaron gabe".

Encarnacion Rocak eta Fernando Valdesk magistratuek ere aurkako beste botoa eman dute, eta boto horretan agerian utzi dute gaiaren sakontasuna aztertu beharrekoa zela. Hala ere, ez dute argitu hori egitekotan zein izango zitekeen euren iritzia.

Bere garaian Auzitegi Gorenak ezarritako irizpideak 50 presori baino gehiagori eragin zien.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Presoak bideoak ETA albisteak Albisteak