Politika -
'Black' txartelen epaiketa
'Black' txartelak legezko pizgarriak zirela esan du Rodrigo Ratok
Bankiako presidente ohiaren esanetan, gastu kengarria baldin bazen legezkoa izan behar zuen.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Caja Madrideko eta Bankiako 'Black' txartelak "legezko pizgarri" ekonomikoa zirela arrazoitu du gaur Rodrigo Rato Bankiako presidente ohi eta Espainiako gobernuko presidenteorde ohiak, eta sektorean zeuden beste txartel batzuekin parekatu ditu. Ratoren esanetan, Ogasunak gastu kengarri gisa aitortzen bazuen legezkoa izan behar zuen.
'Black' txartelen erabilera argitzeko Auzitegi Nazionalean egiten ari diren epaiketan, Rodrigo Rato aldeen galderei erantzuten hasi da gaur.
Rodrigo Ratok ziurtatu du Bankiako presidente kargua hartu eta hurrengo egunean Ildefonso Sánchez Barcoj Bankiako orduko zuzendari orokorrak bi txartel eman zizkiola: lehena, erabilera pertsonalerako zena eta funtzio sarigarria zuena eta bigarrena, ordezkaritza gastuetarako. Azaldu duenez, txartel horiek urteko muga bat zuten eta kopuru hori bera Caja Madridera iritsi baino lehen ezarri zen eta ez ei zuen inoiz aldatu. Ratok ez du zehaztu urteko kopuru hori inoiz gastatu zuen ala ez, baina egin izan balu bere aukera eta eskubidea zela azpimarratu du.
Nazioarteko Diru Funtseko (NDF) presidente ere izan zenak ez du 'Black' txartelen inguruko bere iritzia eman nahi izan: "Ez zait ez gaizki eta ez ondo iruditzen eta ezingo nuke esan sistema hori aplikatu duen Espainiako entitate bakarra denik".
Txartelak nork banatzen zituen galdetuta, Ratok azaldu du idazkari nagusiak ematen zizkiela gobernu organoetako kideei, finantza zuzendariak Rato berari eta aurreko presidenteak, berriz, zuzendaritza batzordeko kideei.
Ratoren esanetan, Bankiako kontseilariek gastu kengarri gisa deklaratzen jarraitu dute 'Black' txartelekin ordaindutakoa. "Gastuak legezkoa izan behar du kengarria izateko", nabarmendu du.
Hileroko 12.000 euroko mugaz galdetuta, Ratok zehaztu du ez zuela berak ipini muga hori, baina ez du argitu Bankiako nork hartu zuen erabaki hori. Bestalde, muga hori ez zuela inoiz gainditu ziurtatu du.