Politika -

A9ko kontsulta

Mas: 'Ohorea da auzipetua izatea jendearen iritzia entzuteagatik'

Generalitateko presidente ohiak "akelarre judiziala" salatu du.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Artur Mas Generalitateko presidente ohiak astelehen honetan esan du "ohorea" dela "jendearen iritzia entzutegatik eta aurpegia emateagatik auzipetua izatea", 2014ko azaroaren 9ko kontsultagatik Fiskaltzak 10 urteko inhabilitazioa eskatu ostean.

Joana Ortega presidenteorde ohiarekin eta Irene Rigau kontseilari ohiarekin agerraldia egin du Masek. Azken bi horientzat 9 urteko inhabilitazioa eskatzen du Fiskaltzak.

Bertan, Artur Masek esan du berriz ere modu berean jardungo lukeela, bai azaroaren 9ari dagokionez eta baita aurreko egunei dagokionez ere. Horrez gain, salatu egin du Espainiako Gobernuak "akelarre judizial" bihurtu nahi duela prozesu parte hartzaile bat. Masen hitzetan, gizalegezko ekitaldi demokratikoa izan zen Kataluniako kontsulta.

Horrez gain, Soraya Saez de Santamariak egindako adierazpenak kritikatu ditu. Espainiako Gobernuko presidente ohiak esan du "legea ez betetzeak" ondorioak dituela eta, Masen hitzetan, balorazio horrek agerian uzten du Estatuak ez duela botereen banaketa errespetatzen eta botere judizialari presioa egitearen alde dagoela. "Hau Francoren ministro batek esan zezakeen. Ez legoke alde handirik", gaineratu du.

Inhabilitazioa baieztatuko lukeen epaia onartuko ote duen galdetuta, Masek zera esan du: "Modan dago galdetzea men egingo zaion edo ez. Gustatu ala ez epai bat epaia bat da". Edonola ere, Generalitateko presidente ohiak esan du behar den instantzietara joko duela bere errugabetasuna defendatzeko.

Ekitaldian Ortegak ere hartu du hitza, eta adierazi du berme demokratiko guztiekin eta legeari jarraituta egin zela galdeketa. "Gaur ere egingo nuke. Ez zen deliturik izan. A9ko galdeketa demokrazia ekintza izan zen", gaineratu du.

Rigauren hitzetan, bestalde, Espainiako demokrazia "gaixo" dago

Itunerako eskaintza

Azaroaren 9an bertan Estatuak itunik eskaini ote zion galdetuta, Masek ukatu egin du. "Gezurra da. Niri inoiz ez zidaten esan perfil baxua banuen ez zutela egingo. Ez zidan inoiz halakorik esan, ez zuzenean ezta zeharka ere".

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Kataluniaren independentzia Gaurko azken orduko albistea Artur Mas