Politika -
Epaiketa
‘Black’ txartelak soldataren osagarri bat zirela esan du Blesak
Gainera, bere kontra egin diren salaketak “oso larriak direla” azpimarratu du Caja Madrideko presidente ohiak. Epaiketan, ez du onartu ezer gaizki egin zenik.
Agentziak | Erredakzioa
‘Black’ txartelak zuzendariei eta aholkulariei ematen zitzaizkien gainordainketak zirela ziurtatu du ostiral honetan, irailak 30, Miguel Blesa Caja Madrideko presidente ohiak Madrilgo Auzitegi Nazionalean. Hala, erakunde horren barruan zein kanpoan zeudenek txartel horien erabilera ezagutzen zutela esan du Blesak. Ildo horretatik, Espainiako Bankua eta Ogasuna horren jakinaren gainean zeudela eta inoiz ez dutela oharrik egin adierazi du Caja Madrideko presidente ohiak.
‘Black’ txartelen erabilera argitzeko epaiketa horretan, galdera batzuk besterik ez ditu erantzun Blesak: Fiskaltzak, epaimahaiak eta defentsak egin dituztenak, hain zuzen. Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak bidegabeko jabetza leporatzen dio, baina Blesaren esanetan, salaketa horiek “oso larriak” dira. Era berean, milaka pertsonek osatzen duten erakunde horretan ezinezkoa dela ezer ezkutatzea esan du.
“Argi daukat modu zilegian aritu naizela”, azpimarratu du Blesak. Era berean ‘black’ txartelak “noski baietz” ikusten zirela esan du. Gainera, Bankiak agindutako kontu-ikuskaritza zerbitzuak edozein motatako zalantzarik izan balu, “kutxaren kontabilitatea ikusteko aukera” zuela adierazi du. Arrazoi horregatik, bere kontra egin diren salaketak “oso larriak direla” azpimarratu du.
Kontu-ikuskaritza zerbitzuko kideek “guztia ezagutzen zuten: ordaindu beharreko zerga, kontzeptu guztiak, dena, baina FROBi bidali zioten txosten horretan isilean gorde zituzten datu horiek, eta salaketa jarri zutenek oinarri gisa erabili dute txostena”, azaldu du Blesak.
Bestalde, ostiral honetan, irailak 30, Bankiak erantsitako Exceleko fitxategiak froga moduan onartu ditu epaimahaiak. Orri horietan ageri denez, Caja Madrideko presidente ohiak 436.000 euro baino gehiago gastatu zituen, baina Blesak esan du ez datozela bat.
Alde horretatik, Exceleko fitxategi horiek ez direla merkataritza-fitxategiak dio Caja Madrideko presidente ohiak. Arrazoi horregatik, Blesak ez ditu onartu Exceleko fitxategietan adierazten diren gastuak, bere esanetan, ezin dituelako beste fitxategi batzuekin “egiaztatu”.
Epaimahaiaren aurrean bi ordu inguru igaro ostean amaitu da gaurko saioa, baina datorren asteartean, urriaren 4an, Rodrigo Ratoren txanda izango da eta epailearen aurrean eseri beharko da azalpenak emateko.