Politika -

Krisia PSOE-n

Ferrazen ez biltzeko eskatu die Sanchezen zuzendaritzak militanteei

"Jarduneko" Batzorde Exekutibo Federalak "lasaitasuna" eskatu du "alderdiaren ezohiko baldintza zailen aurrean".

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchezen zuzendaritzak "lasaitasuna" eta "zuhurtzia" eskatu die PSOEren militanteei, eta horren ildotik, Ferrazen atarian ez biltzeko galde egin die, sare sozialetan egiten ari diren deialdiei jaramonik egin gabe.

"Jarduneko" Batzorde Exekutibo Federalak oharra —Twiterren ere zabaldu dute— kaleratu du gaur, erakundeak larunbatean egingo duen bileraren bezperan. Idatzian, "lasaitasuna" eskatu du "alderdiaren ezohiko baldintza zailen aurrean".

 

 

Jardunean den zuzendaritzaren irudiko, sozialistek "heldutasunaren eta zuhurtziaren erreferente" izan behar dute, "orain, inoiz baino gehiago". Hori da, hain justu eta euren ustez, egunotan "militanteek modu eredugarrian izan duten jarrera".

"Jarduneko batzorde honek lasaitasunerako deia egin nahi du, eta gure egoitzen eta lokalen aurrean biltzea saihestu nahi du. Lasaitasuna izan dadila gure jarreran lege", irakur daiteke agirian.

Idatzian nabarmendu dutenez, posible da PSOEren "egoera berri hau denon artean, demokratikoki" konpontzea.

Pedro Sanchezen aldekoek egunak daramatzate sare sozialetan Ferrazen atarian biltzeko deia egiten. #rodeaFerraz etiketapean, larunbatean PSOEren egoitzan nagusi aurrean batzeko eskatzen ari dira.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
PSOE Pedro Sánchez