Politika -
Krisia PSOE-n
Larunbateko Batzorde Federalaren bilera ezbaian jarriko dute kritikoek
Antonio Pradasek iragarri duenez, dimisioa eman duten 17ak Ferrazera joango dira "alderdiaren geroari buruz duten kezka bizia" azaltzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Sanchezen jarrerarekin kritiko diren PSOEko kideak larunbaterako deituta dagoen Batzorde Federalaren bileran izango dira, Antonio Pradas kritikoen bozeramaileak gaur iragarri duenez. Bilera hastearekin batera, deialdia legezkoa ez dela aldarrikatuko dute. Euren iritzian, Batzordea osatzen zuten kideen erdiek baino gehiagok dimisioa eman ostean deseginda beharko lukeen erakundeak deitu du batzarra, eta, hortaz, deialdia baliogabea da.
"Forma akatsak argitu beharko dira bilera hasieran", adierazi du. Pradasen esanetan, kritikoak Ferrazen izango dira "alderdiaren geroari buruz duten kezka bizia" adierazteko.
Horrez gain, bileraren deialdia bera balekoa ez dela salatu eta Etika eta Berme Batzordeak bilera deitzea eskatuko dute kritikoek, Pradasek nabarmendu duenez.
Susana Diazek eta Veronica Perezek atzokoan egin bezala, Pedro Sanchez idazkari nagusiarekin kritiko mintzatu da Pradas. Etika eta Berme Batzordea "bahituta" du "alderdikide hautagaiak" —hala deitu dio—, gaineratu du.
Dimisioa eman duen arren, bihar PSOEren egoitzan izango dela berretsi du Pradasek: "Han izango naiz, ea non egoten uzten didaten. Dimisioa eman ez duten batzordekideek ere ez lukete egon beharko, erakundea deseginda baitago".
PSOEren bi sektoreen artean dagoen gerra "epaitegietan ez bukatzea" espero du asteazkenera arte Politika Federaleko idazkaria zenak.