Politika -

PSOE barruko gerra

Pedro Sanchezek 'engainatu' egin duela uste du Felipe Gonzalezek

Espainiako presidente ohiak adierazi du Rajoyren inbestidurako bigarren bozketan abstenitu egingo zirela esan ziola. Sanchezek erantzun dio Rajoyren kontrako botoa alderdi osoak adostu zuela.

Felipe González y Pedro Sánchez
Felipe González y Pedro Sánchez
Gonzalez: 'Sanchezek engainatu egin nauela uste dut'

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Felipe Gonzalez Espainiako Gobernuko presidente ohiak gaur esan duenez, Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak "engainatu" egin zuela uste du. Izan ere, haren esanetan, Mariano Rajoyren inbestidura saioko bigarren bozketan abstenitu egingo zirela esan zion.

"Ekainaren 29an oposiziora igaroko zela azaldu zidan, ez zela gobernu alternatiboa osatzen saiatuko, eta PPk aurkeztutako hautagaiaren kontra bozkatuko zuela inbestidura saioan, baina bigarren bozketan abstentziora joko zuela gobernu osaketa ez eragozteko. Egia esan, gertatzen ari dena ikusita, niri ez dit inolako azalpenik eman behar. Frustrazioa sentitzen dut, engainatu izan banindute bezala", azaldu du Cadena Ser irrati kateari eskainitako elkarrizketan.

Gonzalezen ustez, Pedro Sanchez PSOEko egungo idazkari nagusiak dimisioa eman beharko luke larunbatean PSOEko Batzorde Federalak haren egitasmoa baztertzen badu. Sanchezek aurreratu du idazkari nagusia aukeratzeko barne hauteskundeak egin nahi dituela urriaren 23an, eta alderdiaren kongresua, abenduan.

Gonzalezek azpimarratu duenez, Batzorde Federalak edozer erabakita ere, aldeko edo kontrako botoa ematea edo abstenitzea erabaki, gehiengoak hartzen duen erabaki hori mundu guztiak errespetatu beharko du. "Eta erabakia bere gain hartu nahi ez badu, dimisioa eman beharko du", erantsi du.

Sanchezek Gonzalezi erantzun dio alderdi osoak adostu zuela Rajoy ez babestea

Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak Felipe Gonzalezi erantzun dio Batzorde Federaleko buruzagi guztiek babestu zutela Mariano Rajoyen inbestiduran kontrako botoa emateko erabakia.

Komunikatu batean, Sanchezek azpimarratu du Gonzalezek egungo egoera politikoari buruz esandakoak errespetatzen dituela. Halaber, Espainiako sozialisten buruzagiak aitortu du alderdiko buruekin eta buruzagi ohiekin maiz hitz egiten duela eta ez dituela elkarrizketa horiek publiko egingo, ezta horiek baloratuko ere.

Nahiak eta errealitatea ez nahasteko eskatu du Luenak

Cesar Luena PSOEren Antolakuntza idazkariak "nahiak eta errealitatea ez nahasteko" eskatu dio Felipe Gonzalez Espainiako presidente ohiari, eta Pedro Sanchezek "beti izan du oso argi PPri eta Rajoyri ezezko botoa emango ziela, hori da egia", gaineratu du.

Felipe Gonzalezek egindako adierazpenen inguruan galdetuta egin ditu adierazpen horiek Luenak.

Presidente ohiak elkarrizketa pribatu bat publiko egitea kritikatu egin du Luenak, eta militanteei "hitz egiteaz gain, entzutea ere komeni da", esan du.

Garcia-Page: Sanchezek barkamena eskatu behar du

Emiliano Garcia-Page Gaztela-Mantxako presidentearen iritzian, "hasteko, barkamen eskaera falta da", eta Sanchezek kontuak "argitzea" ere bai.

Era berean, PSOEren idazkari nagusiak kargua utzi beharko ote lukeen galdetuta, Garcia-Pagek esan du hori "azken aukera" litzatekeela, eta "edozein modutara" saihestu beharko luketela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak PSOE Espainia albisteak Aldaketa PSOEn albisteak Alderdi politikoak Pedro Sánchez Gaurko azken orduko albistea Felipe González albisteak