Politika -
Konstituzio-kontrakoa
Legegintzako Herri Ekimenari buruzko araua errekurrituko du Espainiak
Ekainaren 30ean, Legegintzako Herri Ekimen (LHE) bat aurkezteko behar zen sinatzaile kopurua 30.000tik 10.000ra jaistea onartu zuen Legebiltzarrak.
Agentziak | Erredakzioa
Astearte honetan, irailak 27, Espainiako Gobernuak Konstituzio Auzitegian aurkeztuko duen errekurtso baten berri eman du Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako jarduneko bozeramaileak. Izan ere, ekainaren 30ean, Legegintzako Herri Ekimen (LHE) bat aurkezteko behar zen sinatzaile kopurua 30.000tik 10.000ra jaistea onartu zuen Eusko Legebiltzarrak.
Gainera, EAEn legezko egoeran dauden atzerritarrei eta udal-erroldetan izena eman dutenei proposamenak egiteko eta parte hartzeko eskubidea ematen die euskal legeak.
Prentsaurrekoan azaldu duenez, Espainiako Gobernuak Legegintzako Herri Ekimena arautzeari buruzko legea errekurrituko duela iragarri dio Eusko Jaurlaritzari, konstituzio-kontrakotzat jotzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoan onartzea “EAEn bizi diren atzerritarrek politikan parte hartzeko eskubidea”.
“Berriro ere, Eusko Legebiltzarrean alderdi guztien babesarekin onartu zen lege bat errekurrituko duela iragarri du Espainiako Gobernuak”, adierazi du bozeramaileak. Bere esanetan, Legegintzako Herri Ekimenari buruzko arau berriak herritarren parte hartzea “errazten eta sinplifikatzen” duela esan du Erkorekak.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak euskal legearen helburuekin eta izaerarekin bat egiten duela esan du Eusko Jaurlaritzako jarduneko bozeramaileak.
“Dirudienez, (Espainiako Gobernuari) ez zaio batere axola euskal gizarteak eta ordezkatzen dituen alderdi politikoek aho batez adierazitako iritziaren kontra egitea”, iradoki du Erkorekak.
Horrela bada, Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko desadostasuna jarraituz gero, erabakia Konstituzio Auzitegiak hartu beharko du.