Politika -
Madril
'Black' txartelen epaiketa, Auzitegi Nazionalean
Blesak, Ratok eta Caja Madrid eta Bankiako beste 63 kontseilari ohik eta zuzendarik 1-6 urteko kartzela-zigorrei egin beharko diete aurre. 15,5 milioi euro xahutu zituzten gastu pertsonaletan.
agentziak | erredakzioa
'Black' txartelen erabilera argitzeko epaiketa gaur, astelehena, hasi da, eta Caja Madrid eta Bankiako 65 kontseilari ohi eta zuzendari, tartean Miguel Blesa eta Rodrigo Rato, akusatuen eserlekuan izan dira. Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak bat eta sei urte arteko kartzela-zigorrak eskatuko ditu, bidegabeko jabetzea leporatuta.
Auziak ikusmin handia eragin du (65 hedabidek baino gehiagok eskatu dute epaiketa bertatik bertara jarraitzeko baimena), eta bi urteko ikerketa egin behar izan dute epaiketaren aurretik. Fernando Andreu Auzitegi Nazionaleko epaileak ebatzi zuenaren arabera, goi-kargudunek 15,5 milioi euro xahutu zituzten 1999 eta 2012 bitartean, gastu pertsonaletan.
Halere, 2003tik egindakoa baino ez dute epaituko (12 miloi xahutu zituzten epe horretan), aurreko urteetan egindako delituek preskribitu egin baitute dagoeneko. Epailearen esanetan, txartelak "kontratuetan oinarritu gabe" egin zituzten, haien "helburua ez zen ordezkaritzarako gastuak" ordaintzea, eta, hortaz, dirua "ordainketa irregulartzat" hartu beharra zegoen.
Epaiketa gaur hasi da, galdeketak irailaren 30ean hasiko dira, eta, adituen txandaren ostean, epaiketa ebazpenaren zain geratuko da, abenduaren 23an, egutegiaren arabera.
Preferenteek kaltetutako talde batek irainka eta oihuka hartu dituzte Miguel Blesa eta Rodrigo Rato Caja Madrid eta Bankiako presidente ohiak Auzitegira Nazionalera heldu direnean.
Alabaina, Jose Ricardo Martinez Madrilgo UGTko idazkari nagusi ohi eta Bankiaren kontseilari ohia, eta Matias Amat Miguel Blesa presidente ohiaren gertukoa izan dira lehenak epaitegira heltzen, 08:35 pasatxoan iritsi baitira.
Bidaiak, luxuzko arropa eta bitxiak
Goi-kargudun horiek bitxiak, bazkariak, bidaiak, markako arropak eta etxerako tresneriak ordaindu zituzten txartelekin. Gainera, txartela erabili zuen epean, Rato lau eta bost izarreko hoteletan izan zen, Luis Vouittonen osagarriak erosi zituen eta hainbat erosketa egin zituen bazarretan (2010ean egindako erosketa batean, 2.439 euro ordaindu zituen), gastuen xehetasunetan ikus daitekeenez.
Jose Antonio Moral Santin Izquierda Unidako kide ohi eta Caja Madrideko presidenteorde ohiak 400 bat ordainketa egin zituen zenbait jatetxetan, baina horri egotzitako ia gastu osoa kutxazainetan dirua aterata egin zuen. Jose Maria de la Riva PSOEk izendatutako kontseilari ohiak, aldiz, 1.753 euro gastatu zituen talasoterapia klinika batean, 2007an.
Espetxe-zigorrak
Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzaren arabera, Miguel Blesak 436.688 euro xahutu zituen 'black' txartelarekin, eta, ondorioz, sei urteko kartzela-zigorra eta 108.000 euroko isuna ezartzeko eskatuko dute.
Rodrigo Ratok, era berean, 99.054 euro ordaindu zituen txartela erabiliz, eta lau urte eta erdiko espetxealdia eskatuko dute horrentzat.
Horrez gainera, Blesak 9,3 milioi euroko kalte-ordaina ordaintzea eskatuko dute, 2003-2010 aldian egindako gastuengatik, eta Ratok 2,6 milioi euro ordaintzea, 2010-2012 aldian gastatu zuenagatik. Isun moduan, berriz, bakoitzak 108.000 euro ordaintzeko eskatuko dute.
Halaber, Gerardo Diaz Ferran CEOEko presidente ohiarentzat lau urteko espetxe-zigorra eskatuko dute, eta bi urtekoa Ildefonso Sanchez Barcoj Blesaren bigarren eta Kontrol Batzordeko presidente ohiarentzat, berak ematen baitzuen txartela egiteko agindua.
Horrez gain, CCOO eta UGT sindikatuetako hainbat kide ere auzipetu dituzte, eta PPko eta PSOEko ordezkariak, baita Jose Antonio Moral Santin Izquierda Unidako kide eta Caja Madrideko presidente ohia ere, milioi erdi xahutzeagatik.