Politika -
Igande honetan
2,7 milioi galiziar daude hauteskundeetan bozkatzera deituta
Gainera, 78.172 gaztek lehen aldiz bozkatzeko aukera dute. Galiziako probintzia bakoitzeko datuak aztertuz gero, hautesle gehienak Coruñan bizi dira.
Agentziak | Erredakzioa
Igande honetan, irailak 25, Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskundeak ez dira bakarrak izango. Galiziako hauteskundeak egun berean izango dira, eta 2.701.848 herritarrek bozkatzeko aukera izango dute. Arrazoi horregatik, 2.463 hauteskunde-eskola zabalduko dituzte, eta 3.977 hauteskunde-mahai egongo dira.
Halaber, Galiziako hauteskundeen zenbaketa unean bertan jarraitu nahi duten herritarrek horretarako aukera izango dute. Gainera, autonomia horretako datuak modu orokorrean ezagutzeko aukera izateaz gain; probintzia, eskualde edota udalerri bakoitzaren datuak banan-banan jarraitzeko aukera izango dute herritarrek. Webgune berezi horretan, alderdi politikoen prentsaurrekoak zuzenean edota aurrez grabatuta ikusi ahal izango dira. Gainera, sakelako telefonoaren bidez edota tableten bidez jarraitu ahal izango da hauteskundeen zenbaketa.
Halaber, Espainiako Estatistika Institutuak (INE) larunbat honetan jakinarazi duenez, 78.172 gaztek lehen aldiz bozkatzeko aukera izango dute igandean. Hautesle berri horiek, lau urte hauetan 18 urte bete dituzten gazteak dira.
Galiziako probintzia bakoitzeko datuak aztertuz gero, hautesle gehienak Coruñan bizi dira; Pontevedra, Lugo eta Ourense jarraian egongo lirateke.
Orain arte argitaratu diren inkesta guztien arabera, Alberto Nuñez Feijoo Galiziako PPko buruak irabaziko lituzke irailaren 25ean egingo diren Galiziako hauteskunde autonomikoak. Ildo horretatik, igande honetan “demokraziaren jaia” ospatzen dela nabarmendu du. Halaber, “herritarrek erabakitzen dutena bete” egingo dela esan du.
Era berean, Nuñez Feijooren arabera igandetik aurrera hasiko dira politikarien “buruhausteak”; hauteskundeen emaitzak ezagutzen direnean.