Politika -
Memoria historikoa
DNA banku bat Nafarroan, deshobideratutako gorpuzkiak identifikatzeko
Horrez gain, Nafarroako jauregian dagoen San Fernandoko Ordenaren gurutzea kentzeko lanak astelehenean hasiko dituztela iragarri du foru gobernuak.
Agentziak | Erredakzioa
Espainiako Gerra Zibilean eta frankismo garaian desagerrarazitako pertsonak identifikatzeko beste pauso bat eman du Nafarroako Gobernuak. Gaur iragarri duenez, DNA banku bat sortuko du deshobideratutako gorpuzkiak norenak diren jakin ahal izateko.
Ana Ollo Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Nafarroako kontseilariak egin du iragarpena. Proiektu honekin batera, memoria historikoarekin lotutako beste ekimen baten berri eman du Ollok: foru jauregian dagoen San Fernandoko Ordenaren gurutzea kendu egingo dute; astelehenean ekingo diete lanoi.
DNA bankuari dagokionez, bi fase izango ditu. Aurrekoan —2016an zehar egingo dute— desagertutako pertsonen seme-alabei eta anai-arrebei DNA laginak hartuko dizkiete, gerora sekuentziazio egiteko.
Bigarren fase batean, seme-alabak izan gabe hil zituzten edota seme-alabak hilda dituztenen kasuak aztertuko dira, senitarteko gehiagori DNA laginak hartzeko.
Nafarroako Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zuzendaritzaren esku egongo da proiektu guztia.
Memoria demokratiko eta justua
Ollo kontseilariak azpimarratu duenez, "egian eta justizian oinarritutako eta justifikaziorik gabeko indarkeria baten biktimak izan zirenak gogoan hartzeko memoria baten alde lan egitea ezinbestekoa da Gobernu honentzat".
Haren hitzetan, biktimen senitarteko askok esan diete "desagerrazitako pertsona horien seme-alabak nagusiak" direla, eta zentzu horretan, beharrezkoa dela DNA banku bat egitea, etorkizunean ere "identifikatzeko aukera egon dadin".
"Oraindik desagertuta dauden senitarteko horiei babesa, laguntza eta eragindako kaltea aitortzeko bankua da sortuko duguna", adierazi du.
Alvaro Baraibar Bake, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen zuzendari nagusiak, aldiz, zehaztu du bankua, batez ere, "1936an desagertu zirenen seme-alaba eta ondorengo zuzenei DNA laginak hartzea" duela xede, nagusiki.
Baraibarrek azaldu duenez, 1.000 bat lagun daude oraindik desagertuta, eta Nasertic enpresa publikoa arduratuko da prozesuaz; 2016rako, 8.000 euroko kontu-saila onartu dute, egitasmo honetarako.
DNAren erauzketa
Baraibarrek adierazi du desagertutakoen DNA lagina "iluntasunean" gorde behar dela, eta murriztutako bizitza duela; hortaz, hurrengo faseari hiruzpalau urteren buruan ekin beharko litzaioke, eta epe horretan egin beharko dute, hain zuzen, DNAren erauzketa.
Hala, Baraibarren esanetan, 15 urtez erabili ahal izango litzateke DNA, gutxi gorabehera; urte horietan, pertsona bat identifikatzeko aukera bermatuta legoke.
Hirugarren fasea behar bezala egiteko, beraz, denbora luzea izango dute. Hirugarren fase horretan, DNA sekuentziatuko lukete; horrek ekarriko luke behin betiko informazio digitala izatea.
Baraibarrek jakitera eman duenez, tartean dauden herritarrekin elkarrizketa bana egingo dute, "helburua eta baldintzak azaltzeko, eta esperantza faltsuak ez sortzeko". Foru Gobernuak telefono-zenbaki bat jarri du biktimen familiakoen esku (848 42 52 96), eta posta elektroniko bat ere bai (pazyconvivencia@navarra.es), elkarrizketak adosteko.
Erramuz Koroatutako Gurutzea
DNAren bankua sortuko dutela ez ezin, Foru Gobernuak beste erabaki baten berri eman du; hain zuzen, irailaren 26an San Fernandoren Erramuz Koroatutako Gurutzea kenduko dutela. Ikur frankista hori Nafarroako Jauregiaren aurrealdean dago. Informazio-panelak kokatuko dituzte, azaltzeko zein alde dagoen historia eta memoriaren artean, zer zehazten duen legeak, zertan datzan esku-hartzea, edo zein testuingurutan egin den, besteak beste.